Gizartea
Indarkeria matxista
Gertatutako sexu-erasoa "irmoki" gaitzetsi du Azkoitiko Udalak
EITB MEDIA
Erasoa aspaldi jazo zen, baina orain jarri du salaketa emakumeak. Udalak protokoloa aktibatu eta emakumeari eta haren gertukoei laguntza eta begikotasun osoa helarazi nahi izan dizkie.
Udalerrian jazotako sexu-eraso baten berri eman du gaur Azkoitiko Udalak. Jakinarazi duenez, erasoa duela denbora bat jazo zen, baina orain jarri du emakumeak salaketa. Hori horrela, Udalak "gogor" gaitzetsi du gertatutakoa, eta laguntza eta begikotasun osoa adierazi dizkie emakumeari eta haren gertukoei. Halaber, indarkeria sexisten kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa aktibatu eta adierazpen bateratua onartu du Bozeramaileen Batzordeak.
Erasoa aspaldi gertatu zen, eta emakumeak orain jarri du salaketa. Udalak nabarmendu du "beti" errespetatuko dituela emakumeen epeak eta borondatea, hitza eta erabakia, eta "erreparaziorako lagungarria" den erantzuna ematen ahaleginduko dela azpimarratu du.
Arreta egokia bideratuko dela ziurtatu eta informazioa baloratu eta gero, Azkoitiko Udalak zenbait erabaki hartu dituela jakinarazi du, eta horrelakoen aurrean jarrera irmoa duela adierazi du: "Argi eta garbi esan nahi dugu ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek". Gainera, herritar guztiei bide bat eskaini die, gaitzespen argia agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, "indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena".
Hori dela eta, Azkoitiko Udalak dei egin die herritar guztiei antolatuko diren gaitzespen ekitaldietan parte hartzera, indarkeria sexistaren aurka agertzera eta, indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera.