Gizartea
EHU
Ferreira eta Bengoetxea EHUko errektoregaien arteko eztabaida hartuko du gaur Radio Euskadik
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
18:00etatik aurrera eta Xabier Garcia Ramsden kazetariak bideratuta, bi hautagaiek euren programak defendatuko dituzte Radio Euskadiren mikrofonoen aurrean. Eztabaida streaming bidez jarraitu ahal izango da, eitb.eus atarian.
-
Eva Ferreira eta Joxerramon Bengoetxea. Argazkia: EITB Media
EHUko errektore berria aukeratzeko prozesua ari da azken txanpara iristen. Azaroaren 26an egingo da bozketa eta egun horretan bertan jakingo da zein hautagaitza gailendu den. Ondoren, sei eguneko epea (abenduaren 2ra arte) zabalduko da helegiteak aurkezteko eta, halakorik ez badago, hurrengo egunean bertan izendatuko da behin betiko irabazlea.
Ezohiko ikusmina piztu dute hauteskundeok, azken 16 urteotan lehen aldiz bi hautagaitza aurkeztu direlako kargura: Eva Ferreira Matematika Aplikatuan katedraduna eta egungo errektorea eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofian katedraduna lehiatuko dira. Bien arteko giroa asko gaiztotu da, Ferreiraren taldeko errektoreorde eta hautagaitzako kide zen Guillermo Quindosek X sare sozialean troll erabiltzaile kontu bat sortu zuela jakin ondoren. Bengoetxea eta haren taldea iraintzeko erabiltzen zuen kontua, eta horiek izan ziren Quindosen portaera salatu zutenak. Handik gutxira aurkeztu zuen dimisioa.
Azaroaren 8an hasi zen hauteskunde kanpaina, eta hilaren 24an amaituko da. Bina eztabaidatan neurtuko dituzte indarrak hautagaiek: asteon, Ikasleen Kontseiluak deitutako eztabaidan hartu dute parte Leioako campusean, eta gaur Radio Euskadiko estudioetan eseriko dira aurrez aurre, 18:00etatik aurrera, Xabier Garcia Ramsdenen gidaritzapean. Ferreirak uko egin zion eztabaidak telebistan egiteko EITBren proposamenari.
Gaur egingo den eztabaida saioa zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, eitb.eus atarian.
Jarraian, hauteskunde prozesuaren errepaso kronologikoa, hautagaitzen iragarpenetik hasita:
Hautagaitzen aurkezpenak
Joxerramon Bengoetxeak ekainaren 11n iragarri zuen EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Unibertsitatearen etorkizuneko funtzioaz eta erakundeak euskal unibertsitateari egin beharreko ekarpenaz eztabaida zabaltzea beharrezkotzat jo zuen egindako lehen azalpenetan.
Biharamunean, ekainaren 12an, kargura berriro aurkeztuko dela jakinarazi zuen Eva Ferreira EHUko egungo errektoreak. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean egin zuen iragarpena eta, bertan zehaztu zuenez, bigarren agintaldi batek aukera emango lioke anbizio handiagoko proiektu bat martxan jarri eta jauzi kualitatibo bat emateko formazioan, ikerkuntzan eta ezagutzan.
Kanpaina hasiera
Azaroaren 8an hasi zen kanpaina, eta handik hiru egunera, Ferreirak eta Bengoetxeak programak aletu zituzten EHUren Klaustroaren aurrean. "Unibertsitate esperientzia inklusiboa eta aktiboa sustatzea, lan-inguruneak hobetzea eta unibertsitate prestakuntza berritzailea eta globala bultzatzea" dira Ferreiraren programaren ardatzetako batzuk.
Bere aldetik, Bengoetxeak "unibertsitatea eraldatu, bere noraeza zuzendu eta denon artean adostutako norabideri jarraitzeko" konpromisoa agertu du, hurrengo sei urteetan "bikaintasunean lora dadin".
Guillermo Quindosen dimisioa
Kanpaina hasi berritan jakin zen Guillermo Quindos errektoreodeak eta Ferreiraren hautagaitzako kideetako batek X sare sozialean troll kontu bat erabiltzen zuela, Bengoetxea iraintzeko eta difamatzeko. Dimisioa aurkeztu zuen.
Eztabaidak
EHUko Ikasleen Kontseiluak deituta, azaroaren 19an, bi hautagaien lehen eztabaida egin zen, Leioako campusean. Bengoetxeak EHUk euskal unibertsitate sarearen lidergoa hartu beharraren premia nabarmendu zuen, eta horretarako finantzazio handiago eskatu. Egungo errektoreak, bestalde, EHU Espainiako Estatuko unibertsitate publikoen artean onenetakoa dela esan zuen, nahiz eta "hobetzeko tartea" baduela aitortu.
Ikasleek ordaintzen dituzten matrikulen prezioak merkatzearen eta unibertsitateko kolektibo guztietako langileen lan-baldintzak hobetzearen alde agertu ziren biak. Era berean, adierazi zuten ikasleek unibertsitatean parte-hartze zabalagoa izan behar dutela.
Gaur, 18:00etatik aurrera, Ferreirak eta Bengoetxeak programak azaldu eta defendatuko dituzte berriro, Radio Euskadiko uhinetan.