Itxi

Gizartea

JESUITEN SARRASKIA

El Salvadorreko Justiziak presidente ohia epaitzeko agindu du Ellakuria eta bost jesuita hil izanagatik

Agentziak | EITB Media

Zehazki, Alfredo Cristiani presidente ohia, Rodolfo Parker diputatu ohia eta bederatzi militar ohi epaitzea agindu du, Inazio Ellakuria, bost jesuita eta bi emakumeren hilketarekin zerikusia dutelakoan.

  • 1989ko sarraskian El Salvadoren hildakoen omenezko murala

    1989ko sarraskian El Salvadoren hildakoen omenezko murala. Artxiboko argazkia: Wikipedia

El Salvadorreko Justiziak Alfredo Cristiani presidente ohia, Rodolfo Parker diputatu ohia eta bederatzi militar ohi epaitzea agindu du, Inazio Ellakuria eta beste bost jesuitaren hilketaren egile intelektualak izan zirelakoan. 

Alfredo Cristiani presidente ohiari (1989-1994) eta Juan Bustillo, Juan Orlando Zepeda, Rafael Larios, Nelson Lopez Lopez, Joaquin Cerna, Inocente Montano eta Camilo Hernandez militarrei hilketa delituak leporatzen dizkiete. Gainera, Camilo Hernandez ez gainerakoei terrorismo ekintzak ere egozten dizkiete.

Halaber, Rodolfo Parker diputatu ohia eta Manuel Rivas eta Oscar Linares militarrak krimenak estaltzea eta iruzur prozesala egitea egotzita epaituko dituzte.

Epaileak Cristiani, Parker, Cerna, Zepeda eta Bustillo atxilotzeko agindu du, ez baitira epaitegian agertu. Aitzitik, baldintzapean aske utzi ditu gainerako sei auziperatuak eta hilabetean behin auzitegira agertu beharko dute, epaiketa egin bitartean.

Sarraskia 1989ko azaroan gertatu zen, Erdialdeko Amerikako San Salvador Unibertsitateko campusean. Sei jesuita hil zituzten, bost Espainiako Estatukoak, horien artean Inacio Ellakuria (Portugalete) Askapenaren Teologiako ideologoa.

Gaur egun, 1989ko jesuiten sarraskiagatik bi lagun ari dira espetxe zigorra betetzen. Guillermo Benavides koronelari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 133 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Inocente Montano koronelari.