Gizartea
OSAKIDETZA
Eusko Jaurlaritzak abendu hasieran aurkeztuko du Lehen Arreta hobetzeko plana
AGENTZIAK | EITB Media
Pradales lehendakariak berretsi du Lehen Mailako Arreta indartzea dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, osasun-sistema publikoaren ardatz nagusi bihurtzeraino.
-
Pradales lehendakaria eta Martinez Osasun sailburua, gaur, Ortuellako osasun zentroan. Irekia
Osakidetzako Lehen Arreta hobetzeko plana aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak abenduko lehen asteetan, Imanol Pradales lehendakariak gaur goizean Ortuellako osasun zentrora egin duen bisitan iragarri duenez.
Pradales lehendakaria bera eta Alberto Martinez Osasun sailburua Ezkerraldeko osasun profesionalekin bildu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzaren inguruan duten ikuspegia bertatik bertara entzuteko. Are gehiago, lehendakariak berriz ere adierazi du Lehen Mailako Arreta indartzea dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, osasun-sistema publikoaren ardatz nagusi bihurtzeraino.
"Ez da sarrerako atea bakarrik; gure osasun-patologien % 80 konpontzen da bertan, eta hor jarri behar dugu fokua", adierazi du, osasun profesionalek helarazi dioten mezuaren ildo beretik.
Lehen Arreta hobetzeko beharrezkoa da, lehendakariaren arabera, asistentzia-maila horren funtzionamendua hobetzea, baita etengabeko arretako guneena eta larrialdiena ere; arreta espezializatuko itxaron-zerrendak murriztea eta burokratizazioa gutxitzea.
Bestalde, langileen egonkortasunari lotuta, aurreikusitako lan eskaintza publikoez gain, deialdi bereziak egingo dira betetzen zailak diren Lehen Arretako postuak betetzeko eta Osasun Mentaleko profesional gehiago kontratatuko dira. Halaber, Lehen Mailako Arretako eta ospitaleetako azpiegituretan inbertsioa handituko da.
"Argi daukagu Lehen Mailako Arretaren gure ereduak pertsonatik pertsonara izan behar duela, hurbiltasun hori baita, hain zuzen ere, laguntza-eremu horren funtsa", gaineratu du lehendakariak.