Gizartea
aplikazio informatikoa
Osakidetzak antibiotikoen erabilera egunero kontrolatzeko aplikazio informatikoa kaleratu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aplikazio informatiko horrek (WASPSS) antibiotikoak agintzen eta ematen laguntzen die osasun-profesionalei, antibiotikoen erabilera arrazional eta segurua sustatzeko.
-
Botikak Osakidetzan. Argazkia: Irekia.
Osakidetzak antibiotikoen erabilera egunero kontrolatzeko tresna digital berria amaitu du, antimikrobianoekiko erresistentziei aurre egiteko eta produktu horien erabilera arduratsua sustatzeko.
Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Egunarekin bat eginez, Osasun Sailak astelehen honetan gogorarazi du antibiotikoak modu egokian erabiltzea dela bide bakarra antimikrobioekiko erresistentzia geldiarazteko.
Euskadin, hain zuzen ere, halako medikamentuen erabileran beherakada nabarmena egon da azken hamarkadan, programa espezifikoak abian jarri zirenetik. Gainera, ordutik, erabilera murrizteko joera hori mantentzen ari da.
Azken 5 urteetan antibiotikoen kontsumoa % 3,6 murriztea lortu ez ezik, hainbat neurri eraginkor ere ezarri dira, antibiotikoen erabilera egokia bermatzen jarraitzeko eta horien eraginkortasuna galtzea saihesteko.
Erresistentzia antimikrobianoak kontrolatzeko dauden lehentasunezko ekintzen artean, antibiotikoak erabiltzeko jardunbide egokiak sustatzeko tresnak diseinatzea eta zabaltzea ditugu. Horren adibide dira Osakidetzako ospitaleetan eta Lehen Mailako Arretan Antibiotikoen erabilera optimizatzeko programak (PROA, gaztelaniaz).
Programa horiek baliagarriak dira horrelako prozesuen diagnostikoan eta tratamenduan esku hartzen duten profesionalentzat, antibiotikoak preskribatzerako eta ematerako orduan. Gainera, antibiotikoen zentzuzko erabilera segurua sustatzen dute.
PROA programekin laguntzeko, ESI guztietan WASPSS izeneko aplikazio informatikoa hedatu da, erabakiak errazago hartu eta alertak goiz atzeman ahal izateko. Arabako Unibertsitate Ospitalean eta Bidasoako Ospitalean jarri zen abian tresna hori, pilotu gisa.
Baliabide horri esker, profesionalek pazienteen datuak, mikrobiologiako datuak eta tratamenduak ikus ditzakete, eta horiek egunero berrikusi, tratamendurik egokiena eman ahal izateko. Beraz, tratamenduak optimizatzen eta antibiotikoak behar bezala erabiltzen laguntzen duen tresna bat da, eta, Osakidetza, esku-hartze hori amaituta, horrelako baliabide bat bere erakunde guztien eskura jartzen duen lehen osasun-sistemetako bat izan da Espainiako Estatuan.
Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute lehentasuna dela antibiotikoekiko erresistentziak kontrolatzea, zuzenean eragiten baitiete osasun indibidualari eta kolektiboari.
Kalkuluen arabera, antibiotikoekiko erresistentziek 50.000 heriotza eragin zituzten Europan 2019an; horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak esana du gizadiari mehatxu egiten dioten osasun publikoko 10 erronka nagusien artean dagoela.
Mikroorganismoek antibiotikoekiko erresistentziak garatzearen oinarrian fenomeno biologiko konplexu bat dago, eta horren ondorioz antibiotikoek eraginkor izateari uzten diote. Antimikrobianoak behar ez bezala eta gehiegi erabiltzea dira eragile nagusiak.
Erresistentziak hedatzeko dinamika ere prozesu konplexua da; izan ere, ez dira pertsonen artean soilik transmititzen, baizik eta animalien eta pertsonen artean eta ingurumenean ere, eta horrek arazoa gero eta handiagoa izatea dakar.
Giza osasunaren, animalien osasunaren eta ingurumenekoaren arteko erlazio horrek agerian uzten du esparru horietan guztietan jardun behar dela, ez soilik pertsonen osasunean.