Gizartea
Gipuzkoa
Ardiak eta behiak txertatzen hasi dira Gipuzkoan, Oiartzunen mingain urdin kasu bat agertu ostean
EITB MEDIA
Hiru hilabetetik gorako ardi eta behiei derrigor jarri behar diete txertoa, Gipuzkoako Aldundiak hori agindu baitu.
-
Hasi dira ardiak eta behiak txertatzen Gipuzkoan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdea Sailaren bitartez, hainbat neurri hartu ditu mingain urdina gaixotasuna kontrolatze aldera; izan ere, duela bi aste kasu bat atzeman zuten Oiartzungo ustiategi batean. Horren aurrean, hiru hilabete baino gehiago dituzten ardiak eta behiak txertatuko dituzte.
Aldundiak hasi du dagoeneko kanpaina, eta bere gain hartuko ditu txertoarekin lotutako gastu guztiak. 105.000 ardi eta 41.300 behi txertatu nahi dituzte.
Mingain urdina abereek soilik pairatzen dute. Birus batek sortzen du gaitza, eta hausnarkariei (behiak, ardiak eta ahuntzak) eragiten die, Cullicoides generoko eltxoen ziztadaren bidez transmitituta. Abere batzuek sintomak izaten dituzte; beste batzuek, berriz, ez. Birusak ez ditu pertsonak kutsatzen, ez abereak edo artilea ukituta, ezta elikagaien bitartez ere.