Gizartea
GOIALDEKO DEPRESIOA
AEMETek, UMEk eta Espainiako Gobernuak ezbaian jarri dituzte Mazonen adierazpenak
EITB MEDIA
Generalitateko presidenteak, bestalde, hondamendiaren egunean izandako jokabidea aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari. Hain zuzen ere, "ezer egin ez izana" egotzi dio, "kontuan izanda 17:30etik zeukala informazioa eta 80.000 pertsonaren bizitza zegoela arriskuan".
-
Langileak ura ateratzen Massanan, Valentzia. Argazkia: EFE.
Carlos Mazon Generalitateko presidenteak Valentziako Parlamentuan atzo agerraldia egin eta goialdeko depresioaren kudeaketari buruzko akatsak AEMETi eta Jucarko Konfederazio Hidrografikoari leporatzeak erreakzio ugari eragin ditu. Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET), Larrialdietarako Unitate Militarrak (UME) eta Espainiako Gobernuak ezbaian jarri dituzte Mazonek egindako adierazpenak.
Javier Marcos Larrialdietarako Unitate Militarreko (UME) buruak esan duenez, militarrak 15:41ean jarri ziren martxan Valentziako Erkidegoan urriaren 29an, "agindu ofiziala jaso baino ordu batzuk lehenago", goialdeko depresioa eragiten ari zen uholdeen eraginez egoera "oso zaila" jartzen ari zela ikusita.
Marcosen hitzetan, UMEren lehen ibilgailua ordu horretan irten zen Beterako base militarretik, eta ia bi ordu behar izan zituen Chivara iristeko. Militarrak kaltetutako guneetan "lehen minututik" egon zirela erakusteko, ibilgailu militar batetik grabatutako irudi batzuk erakutsi ditu, 18:05ean, A3 errepidean, Chivan, grabatutakoak.
"Aldez aurretik genekien egoerak okerrera egin behar zuela, baina ordu bietan jakin genuen Valentziako Erkidegoak 1. mailako larrialdi-egoera ezarri zuela. Ordurako, abisua pasatu ziguten, eta egoera oso zaila jartzen ari zela ikusi genuenean, larrialdia 2. mailara igaro aurretik jarri ginen martxan", azaldu du Marcosek.
AEMETek egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen
AEMETetik nabarmendu dutenez, Poyoko sakanaren egoera kezkagarriaz eta Foratako urtegia kolapsatzeko aukeraz aritu ziren Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuaren bileran 17:30 inguruan.
Aitzitik, Valentziako Generalitateak 20:11n bidali zituen larrialdi-mezuak ES-Alert sistemaren bidez herritarren mugikorretara; hots, ia hiru ordu geroago.
Marlaskak ukatu egin du "etenaldi informatiboa" egon izana
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ukatu egin du urriaren 29an inolako "etenaldi informatiborik" egon izana Espainiako Gobernuaren aldetik, ostiralean Carlos Mazon Generalitateko presidenteak hala adierazi arren.
Mazonek esan zuen ez zutela "uholde hilgarrien inguruko informazioa garaiz" jaso, eta Jucarko Konfederazio Hidrografikoak uholde bortitzen berri emateko "mezu elektroniko soil bat" bidali izana gaitzetsi zuen.
Grande-Marlaskak horrela erantzun die Mazonen hitzei: "Beharrezko abisu guztiak egon ziren etengabe. Etengabeko komunikazioa egon zen, eta argi dago ez zela etenaldi informatiborik egon, une oro egon baitzen informazio egokia, beharrezkoa eta zehatza".
PPk babesa eman dio Mazoni
Elias Bendodo PPren Koordinazio Autonomikorako, Tokiko Koordinaziorako eta Hauteskunde Analisirako idazkariordeak bere babesa agertu dio Mazoni, eta "atzo Mazonek egin zuen bezala, azalpenak emateko eta akatsak onartzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Gobernuaren jokabidea kritikatu du berriro Mazonek
Generalitateko presidenteak, bestalde, hondamendiaren egunean izandako jokabidea aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari. Hain zuzen ere, "ezer egin ez izana" egotzi dio, "kontuan izanda 17:30etik zeukala informazioa eta 80.000 pertsonaren bizitza zegoela arriskuan".
218ra igo da hildako pertsonen kopurua
Hilotz bat aurkitu dute azken orduotan Sedavi udalerrian; beraz, 218 dira jada goialdeko depresioak Valentzian eragindako hildakoak. Desagertuen kopuruak, ostera, behera egin du: 13 dira orain, azken balantzean baino bat gutxiago.