Itxi

Gizartea

Cristal Azul

78.000 erabiltzailek futbola doan ikusteko erabiltzen zuten streaming kanal pirata desaktibatu dute

Agentziak | EITB Media

Guardia Zibilak ikerketa abiatu zuen LaLigak eta Movistarrek batera aurkeztutako salaketa baten ondorioz, eta, azkenean, ustezko egilea identifikatu dute: 37 urteko gizon bat.

  • San Mamesen orain dela gutxi jokatutako norgehiagoka bat. Artxiboko Argazkia: EFE

    San Mamesen orain dela gutxi jokatutako norgehiagoka bat. Artxiboko Argazkia: EFE

Guardia Zibilak Espainiako Estatuko streaming bidezko kate pirata garrantzitsuena desaktibatu du, Cristal Azul, Espainiako lehen eta bigarren mailako ordainpeko futbol partidak doan eskaintzen zizkiena 78.000 bat erabiltzaileri. Horrela, 42 milioi euro baino gehiagoko kalte ekonomikoa egin dute.

LaLigak eta Movistarrek batera aurkeztutako salaketa baten ondorioz abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak, eta, azkenean, ustezko egilea identifikatu dute: 37 urteko gizon bat.

KODI erreproduzitzailearen bidez (bideoak, irudiak eta audioak diferituan, linean edo streaming bidez antolatu eta erreproduzitzeko aukera ematen du), ikertzaileek ikusi zuten plataformatik kanpoko eragile batek sortutako luzapen edo "add on" batek futbola doan ikusteko aukera ematen zuela, ohar batean azaldu dutenez.

Ikerketa Teknologikoko Taldeko guardia zibilek iturburu-kodea arakatu zuten, eta, hainbat bilaketa egin ondoren, futbol-partidak Telegram mezularitza-aplikazioaren bidez ematen zirela ondorioztatu zuten.

Ondoren, gertakarien egiletza zehaztera bideratu zuten ikerketa, iturburu-kodean agertzen ziren ezizenak ikertuz.

Luzapena deskargatu ondoren, guardia zibilek egiaztatu zuten erabiltzaile jakin batena zela, eta egilea identifikatu zuten. Operazioa amaitzeko, partidak erreproduzitzen ziren Telegrameko kanalak eta legez kontra erabilitako programazio-kodea ezabatu zituzten.