Gizartea
Eguraldia
"Uda txikia" azaro betean
EITB Media
Tenperatura maximoak 20 gradura iritsiko dira larunbatean, eta apur bat beherago (17-18 °C) kokatuko dira igandean. Larunbatean, eguzkia izango dugu lagun; igandean, berriz, zerua hodeitsu egongo da eta tantaren bat edo beste bota lezake ipar partean.
Termometroak 20 gradura iritsita, eta eguzkia eta hego-haizea lagun, "uda txikia" izango dugu udazkeneko asteburu honetan. Zeru aldean, oskarbi egongo da larunbatean, baina igandean lainotzera egingo du, eta zirimiria ere egin dezake isurialde atlantikoan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Ostiral honek ezarriko du asteburu honen eguraldi joera; izan ere, giro eguzkitsu eta epela izango ditugu nagusi.
Larunbaterako ez da aldaketarik espero. Iparraldean, giroa eguzkitsua izango da, zerua tarteka hodeitsu egongo den arren, erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, batez ere egunaren erdialdeko orduetan. Hegoaldean, aldiz, lainotuago egongo dira gainak. Hego-haizearen eraginez, tenperatura maximoak atseginak izango dira urte sasoi honetarako: 19-20 ºC ingurukoak Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 15 ºC-koak Gasteizen eta Iruñean. Tenperatura minimoak altuagoak izango dira, baina, halere, barnealdeko zenbait tokitan hotz egingo du egunsentian (Gasteizen, esaterako, 6 gradu izango dituzte).
Igandean, ahuldutako fronte bat sartuko da, eta horrek aldaketa txikiak ekarriko ditu, batez ere isurialde atlantikoan. Eguna eguzkitsu hasiko da, eta goizeko behe-lainoak arin desagertuko dira. Dena dela, goizak aurrera egin ahala, mendebaldetik hasita, hodeiak ugaritu egingo dira eta baliteke zirimiri pixka bat egitea. Hego-osagaiko haizeak norabidea aldatuko du, mendebaldera egingo baitu. Hori dela eta, maximoak apur bat jaitsiko dira isurialde atlantikoan: Bilbo, Donostia eta Baiona 17-18 ºC-rekin geratuko dira. Hegoaldean, ordea, gora egingo dute, eta Gasteizen eta Iruñean 18 ºC-an errendituko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali zure argazkiak eta bideoak.