Gizartea
POLIZIA OPERAZIOA
46 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, 140.000 irudi pedofilo eduki eta partekatzea egotzita
AGENTZIAK | EITB Media
Ikertzaileek irudi "gordin izugarriak" aurkitu dituzte atxilotuaren ordenagailuan, tartean, sexu erasoen biktima diren adin txikikoenak.
-
Argazkia: Europa Press
Espainiako Poliziak 46 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, haur pornografiako irudiak edukitzea eta zabaltzea leporatuta. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, guztira 140.000 eduki pedofilo "gordin" aurkitu dituzte atxilotuaren ordenagailuan, tartean, sexu erasoen biktima diren adin txikikoenak.
Artxiboak trukatzeko erabiltzen den peer to peer edo P2P sarea arakatu ohi du aldian-aldian Polizia Nazionalak delitugileak aurkitzeko helburuarekin, eta hortik abiatu zen bost hilabete iraun duen ikerketa.
Zehazki, adin txikikoen eduki pedofiloak eskuratzen edota banatzen dituzten erabiltzaileak bilatu eta identifikatzen ahalegintzen dira. Sarea arakatzen ari ziren horietako batean, Gasteizko IP helbide susmagarri batekin topo egin zuten.
Hainbat ikerketa egin ondotik, ustezko delitugilearen helbidea zein zen ondorioztatu zuten, eta Gasteizko Guardiako Epaitegiak etxebizitzan sartzeko eta gailu elektronikoak hartzeko baimena eman zuen.
Ordenagailuko edukiak aztertuta, eduki pedofiloko ia 140.000 artxibo hauteman zituzten.