Itxi

Gizartea

euriteak

Goialdeko borraska hego-mendebaldera mugitu da, Andaluziako hainbat probintzia abisu laranjapean jarrita

EITB Media

Ordubetean metro koadroko 30 litro pila daitezke Cadizen, Sevillan eta Huelvan. Valentziak eta Malagak normaltasuna berreskuratzeko lanetan jarraitzen dute.

  • Hainbat lagun Benamargosako (Malaga) kaleak garbitzen.

    Hainbat lagun Benamargosako (Malaga) kaleak garbitzen. EFE

Goi-geruzetako Depresio Isolatua (GOIDI) Iberiar Penintsulako hego-mendebaldera desplazatu da, eta hala, Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) bertan behera utzi du Valentzian euriteengatik ezarritako abisu laranja (arrisku handia) —abisu horian dago orain—, eta arratsaldera arte eutsi egin dio Andaluziako lau probintziatan ezarritakoak: Malaga (14:00ak arte), Sevilla eta Cadiz (18:00ak arte) eta egun osoa Huelvan

Aurreikuspenaren arabera, ordubetean 30 litro pilatu daitezke Andaluziako eskualde horietan. 

Duela 15 eguneko triskantza gainditu ez duen Valentziak gau luzea izan dezake gaur. Oraingoz, baina, GOIDI honek ez du aparteko kalterik egin zero gunean. Ekaitzek eta euri-jasek metro koadroko 80 litro utzi dituzte Culleran. Kostaldeko herri horretako hainbat kale eta estalitako pabilioia urak hartuta daude, eta hainbat gunetan mugitzea oso zaila da, harriak eta lokatza pilatu baitira. Dena dela, ez da kalte material handirik izan. Gainera, eta urriaren 29an ez bezala, euriteek ez dute Hoya de Buñol eta Horta Sud eskualdeetan txikiziorik eragin. 

Hezkuntza eta kirol jarduera guztiak bertan behera geratu dira Valentziako 163 udalerritan. Gainera, gauerdira arte, debekatuta dago ibilgailu pribatuarekin joan-etorriak egitea, ez bada urgentziazko eta ondo justifikatutako desplazamenduak egiteko. 

Egoera meteorologikoa dela eta, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak egun bat, ostiralera arte, atzeratu du Valentziako Gorteetan egin behar zuen agerraldia. Litekeena da PPko buruzagiak aurreko GOIDIaren kudeaketaren azalpenak ematea. 

Malagan, goizean goiz geratu da bertan behera atzo ezarritako abisu gorria. Badaezpadako neurri gisa, 4.000 pertsona baino gehiago atera dituzte etxeetatik, eta uholdeak izan dira Malaga hiriburuan, eta Velez-Malaga eta Benamargosa udalerrietan.

Egoera lasaitu bada ere, eskolak bertan behera daude Malagan eta Huelvan, baita Cadiz, Granada eta Sevillako hainbat ikastetxetan ere. 


Emakume bat, ura belaunetara arte duela, Malagan. EFE

Emakume bat, ura belaunetara arte duela, Malagan. EFE