Itxi

Gizartea

Haur Goiztiarren Munduko Eguna

Haur goiztiarren pronostikoa eta bideragarritasuna asko hobetu da azken 20 urteetan

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Haur goiztiarrak urteko jaiotzen % 6 inguru izan ohi dira EAEn eta Nafarroan. Donostia Ospitaleko profesionalen aburuz, haur horien kalitatea hobetu egin da, batez ere, euren garapenean eta familietan oinarritutako zaintzari eta teknologiaren aurrerapenei esker.

  • Argazkia: EITB Media

    Argazkia: EITB Media

Igandean, azaroaren 17an, ospatuko da Haur Goiztiarren Munduko Eguna, eta eitb.eus-ek behar baino aste batzuk lehenago jaiotzen diren haur horiengan jarri nahi izan du arreta. Haur horien bideragarritasuna eta bizi-kalitatea asko hobetu da azken 20 urteetan, batez ere zainketen hobekuntzari, amagandiko edoskitzeari eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenari esker.

Haur goiztiarra haurdunaldiko 37. astea baino lehenago jaio den haurra da. MOEk hiru multzotan sailkatzen ditu: muturreko goiztiarra (28 aste bete aurretik jaioa), oso goiztiarra (28 eta 31. aste bitartean jaioa) eta goiztiar moderatua (32 eta 36. aste artean jaioa). Garaia baino lehen jaiotzean, haur horien organoak (birikak, bihotza, garuna, begiak, belarriak...) ez daude haurdunaldiko 40. astean jaio diren haurren heldutasun-maila berean. Horrez gainera, izan ditzaketen infekzioak arazo handia izan daitezke, organoen garapenean ondorioak izan ditzaketelako.

Urtero 1.000 haur goiztiar inguru jaiotzen dira Hego Euskal Herrian; erditzeen % 6 inguru izaten dira. Osakidetzako Donostialdeko ESIko Neonatologia Unitateak, adibidez, 200 haur goiztiar inguru artatzen ditu urtero. eitb.eus-ek Miren Apilanez ataleko buruarekin, Oihana Muga neonatologoarekin, Nerea Martin gainbegiralearekin eta Ainara Lopetegi erizainarekin hitz egin du haur horien eta horien familien zaintzaz eta pronostikoaz.

Donostia Ospitaleko jaioberrien unitateko lantaldea

Ezkerretik eskuinera, Nerea Martin gainbegiralea, Miren Apilanez saileko burua, Ainara Lopetegi erizaina eta Oihana Muga neonatologoa.

Haurdunaldiak iraun duen denbora izan ohi da haur horien bideragarritasunaren gakoa. "Haurdunaldia zenbat eta aste gutxiagokoa izan, orduan eta heldugabeagoak izango dira haurraren organoak, eta arrisku handiagoa egongo da", azaldu du Muga doktoreak. Ondoren, hazten doan heinean, zuzendutako adina esaten zaiona hartuko da kontuan bere garapenean; hau da, haurdunaldiak 40 aste iraun izan balitu, haur horrek izango zukeen adina.

Aurrerapen handia bideragarritasunean

Donostia Ospitaleko taldeko kideak bat datoz: azken 20 urteetan haurren pronostikoa eta bizi-kalitatea asko hobetu dira. Apilanez doktorearen arabera, "lehen 32 edo 34 asteko haur bat estresagarria izan zitekeen taldearentzat, eta 28 asteko batek beldur handia eman ahal zigun". Urteekin, ordea, atalase hori pixkanaka jaisten joan da, eta, gaur egun, 24 edo 25 asterekin jaiotako haurrak ere aurrera atera daitezke. "Orain, 32 asteko haur batekin, adibidez, askoz lasaiago egoten gara", aitortu digu.

Taldeak azaldu duenez, asko aurreratu da jaio aurreko zein jaio ondoko zaintzetan. Ildo horretan, ahalegin handia egiten ari dira "haurraren garapena eta familia ardatz dituen zaintza" eskaintzen; hau da, txikiari aplikatu beharreko terapiak eta tratamenduak ez daitezen oso inbaditzaileak izan, gorputzaren manipulazioa ahal bezain leuna izan dadin eta, ongi garatzen joan dadin, ahalik eta ingurugiro goxoena sortzen (tenperatura egokia, argi gutxi eta soinu leunak).

Horrez gainera, gurasoak haurraren zaintzan inplikatzea ere bilatzen dute. "Frogatuta dago kanguru-metodoak, larrua larruarekin deiturikoak, mesede egiten diola haurrari fisikoki, egonkortasun klinikoa ematen diola". Are gehiago, 34 astetik aurrera haur bat jaiotzen denean, ospitaleratzea saihesten dute eta amarekin batera etxera bidaltzen saiatzen dira, Lehen Mailako Arretan kontrolak eginez.

Argazkia: EITB Media

Argazkia: EITB Media

"Ama-esneak bizitzak salbatzen ditu"

Osakidetzako Donostia Ospitaleko Neonatologia taldearentzat giltzarria izan den beste puntu bat edoskitze naturala izan da. Bularreko esnea erabiltzen dutenetik (amarena edo esne-bankuarena) enterokolitis nekrotizatzailea bezalako gaixotasunak ia desagertu egin direla diote. Gaitz honek haur goiztiarren digestio-aparatuari eragiten zion eta hesteetan zuloak edo sepsia sortzea ere eragiten zuen, eta, batzuetan, baita heriotza eragin ere.

Horregatik, unitate honetako langileek garrantzi handia ematen diote amagandiko edoskitzeari. Nerea Martinek eta Ainara Lopetegik adierazi dutenez, "amak animatzen eta laguntzen saiatzen gara. Badakigu oso zaila dela haientzat. Haurra txikiegia denean eta ezin duenean esnea bularretik atera, makinekin esnea ateratzea mingarria eta nekagarria da, baina benetan merezi du", azpimarratu dute. "Ama hauetako batzuk esne-emaile ere bihurtu dira", diote harrotasunez.

"Zaintza goxo eta fin" horrek, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenarekin batera, haur goiztiarren bideragarritasuna handitzea, horien pronostikoa hobetzea eta etorkizuneko garapenean izan ditzaketen gabeziak murriztea ahalbideratu du.

Hala ere, oraindik hobetu beharreko gauzak daude. Neonatologia Unitateak euren taldean modu iraunkorrean lan egingo duten bi figura botatzen ditu faltan: haurraren aho-aurpegiaren garapenean eta, ondorioz, haurraren elikaduran lagunduko duten fisioterapeutak eta familiak artatuko dituzten psikologoak. "Hau iraupen-lasterketa bat da, luzea izan daiteke eta familiak askotan etsita sentitzen dira", esan digu Apilanez doktoreak.

Zuriñe Fernandezek ere psikologo eta terapeuten garrantzia azpimarratu digu. Otsailean Iruñean jaio zen Naiaren ama da. Haurdunaldiko 32. astean zegoela, ezustean, erditzen hasi zen, eta Naia 1,4 kilogramorekin jaio zen. Zuriñeren esanetan, tokatu zaien "egoera zailenetako bat" pasatzen ari dira. Errua da horrelakoetan agertzen den sentimenduetako bat, eta profesionalen laguntza behar-beharrezkoa da horri aurre egiteko.