Gizartea
Trafikoa
Trafikoa bere onera etorri da Txorierriko igarobidean, goiz korapilotsuaren ondoren
EITB Media
Trafiko motela izan da N-637 errepidean, baita Arrontegiko zubian eta Artatzako errepidean. Gipuzkoan, bi autok aurrez aurre jo dute GI-636 errepidean, Irun parean, eta bidea erabat itxi behar izan dute, dagoeneko zabaldu badute ere. Pertsona bat zauritu da.
-
Ilarak Txorierrin, Galdakaorako noranzkoan. Argazkia: @TrafikoaEJGV
Goiz korapilatsua izan da gaurkoa trafikoari dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, hainbat istripu izan dira N-1ean, GI-636an eta N-637an (Txorierriko igarobidea) eta ilarak sortu dira denetan, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. 10:00etan, ilarak gutxitzen ari ziren Txorierriko igarobidean eta GI-636an, eta zirkulazioa bere onera etorri da, N-1ean
Erandioko (Bizkaia) lotuneko inguru guztian trafiko motela izan da hiru orduz, goizean goiz Txorierriko igarobidean (N-637) izandako bi istripuren ondorioz. N-637 errepidean ez ezik, Arrontegiko zubian eta Artatzako errepidean ere ilarak sortu dira. 07:30ean, hiru autok ezbeharra izan dute Erandio parean, Galdakaoko noranzkoan. Handik gutxira, pilaketetan, beste ezbehar bat izan da, Barakaldon. Zorionez, ez da inor zauritu istripuotan.
Gipuzkoan, 08:00ak aldera, ezbeharra izan da GI-636 errepidean, Irun parean. Bi autok aurrez aurre jo dute, eta errepidea guztiz itxi behar izan dute. Ertzaintzak AP-8tik eta Ventas ingurutik bideratu du trafikoa. Dena dela, ilarak sortu dira. 10:00etarako, zabalik zegoen errepidea. Pertsona bat zauritu da ezbeharrean.
Bestalde, N-1eko bi puntutan izandako istripuak konponduta daude dagoeneko. Bost ibilgailuk talka egin dute 07:15ean, Tolosa parean eta Madrilgo noranzkoan. Handik gutxira, 07:40an, beste istripu bat gertatu da Villabonan, baina Donostiarako bidean. Ilara luzeak sortu dira, baina, esan bezala, ohiko martxan dabil jada zirkulazioa.