Gizartea
A25
Indarkeria matxista ukatzen duten mezuen aurrean, herritarrei batzeko deia
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
A25eko kanpaina aurkeztu dute gaur EAEko erakunde nagusiek. Bereziki gazteen artean indarkeria matxista ukatzen duten mezuak ugaritzen ari direla eta, gai hori izango da aurtengo kanpainaren ardatza.
-
Kanpainaren aurkezpen ekitaldia, gaur, Lehendakaritzan. Argazkia: Irekia
2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeen aurkako indarkeriagatik. Halere, indarkeria mota hori ukatzen duten mezuak geroz eta gehiago ari dira zabaltzen gizartean, bereziki, nerabeen artean. Gaiaren larritasunaren aurrean, EAEko erakunde nagusiek bereziki gazteei zuzendutako kanpaina prestatu dute Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako (azaroak 25), eta indarkeria matxistaren ukazioa eraman dute lelora: "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko".
Goizean egin dute kanpainaren aurkezpen ekitaldia Lehendakaritzan, dozenaka gazterekin egindako gogoeta saio batean. Han izan dira, besteak beste, Emakundeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako eta EUDELeko ordezkariak, Imanol Pradadales lehendakaria buru zela.
Kanpainaren iragarkia aurkeztu ondoren, Pradales gazteei zuzendu zaie. Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna "indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea" dela esan ondoren, "erne" egoteko ere eskatu die, "ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako".
Bere aldetik, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gazteek berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean duten protagonismoa azpimarratu du: "Badakigu gazte gehienek emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duzuela eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde zaudetela eta, horregatik, hain zuzen ere, uste dugu garrantzitsua dela mezu horiek nondik datozen jakitea eta baliabideak izatea zuengan eta gugan eraginik izan ez dezaten", adierazi die.
Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu: "Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun hutsa da", "Indarkeriak ez du generorik" edo "Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, hemen ez".
Gaurtik azaroaren 25era bitartean zabalduko da kanpaina hedabideetan, sare sozialetan eta bestelako iragarki euskarrietan.