Gizartea
Trafikoa
Normaltasuna A-8an, AP-8an eta Txorierriko igarobidean, goiz korapilatsu baten ostean
EITB Media
Goizeko lehen orduan A-8an (Basauri), Txorierriko igarobidean eta AP-8an (Elgoibar) izandako arazoak konponduta, normaltasuna itzuli da Bizkaiko eta Gipuzkoa errepideetara.
-
Ilarak Donostiarako noranzkoan sortu dira. Argazkia: Bizkaimove
Goiz korapilatsua izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako errepide nagusietan, A-8an, AP-8an eta Txorierriko igarobidean gertatutako istripuen eta matxuren ondorioz. Hala ere, 10:00ak baino lehen, trafikoa normaltasunera itzuli da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
AP-8 autobidean ibilgailu bat bidetik atera da Elgoibar parean, eta traba egiten gelditu bi erreietako batean. Ondorioz, bi kilometro inguruko auto ilarak sortu dira Bilbora bidean. Autoa erretiratu ostean, trafikoa bere onera etorri da 10:00ak baino lehen.
Bizkaiko bi errepide erabilienetan, A-8an eta N-637 errepidean (Txorierriko igarobidea), arazoak sortu dira astelehen goiz honetan, hainbat arrazoi direla eta.
A-8an matxuratutako kamioi batek eragin ditu pilaketak, eta ez da ezbeharrik gertatu. Basaurin, Malmasin tunelak igarota, ez atzera ez aurrera geratu da, eta sei kilometroko ilarak —Basurtutik (Bilbo) Basaurira— sortu dira, Donostiarako noranzkoan.
Txorierriko igarobidean, hiru autok egin dute talka Larrabetzu parean (Bizkaia) eta Barakaldoko bidean. Han ere pilaketak sortu dira. Zorionez, ez da inor zauritu.
Gainera, N-637 errepide horretan, beste bi ezbehar izan dira Barakaldon (BEC parean) eta Sondikan, Donostiarako noranzkoan biak ere. Txapa istripuak izan dira, baina, halere, ilarak sortu dira.
Bizkaiko errepideetako arazoak, ordea, 09:30erako konpondu dira.