Itxi

Gizartea

Nafarroa

Atarrabian egingo dute 2025eko Nafarroa Oinez, urriaren 19an, "Buruz, bihotzez, oinez" lelopean

EITB MEDIA

Paz de Ziganda Ikastolak hirugarrenez antolatuko du datorren urtean Nafarroako ikastolen aldeko festa. Ikastolaren espiritua goratzea bilatuko du edizio berri honek.

  • Nafarroa Oinezen aurkezpena

    Nafarroa Oinezen aurkezpena. Argazkia: Nafarroa Oinez

Paz de Ziganda Ikastolak Nafarroa Oinezen hurrengo edizioa aurkeztu du gaur ofizialki. Urriaren 19an egingo dute, Atarrabian, Nafarroako ikastolen aldeko jaia. 

Aurkezpen ekitaldian, Euskaraldiaren enbaxadore Albina Stardustek hartu du parte, eta ospakizuna bera ez ezik, Nafarroa Oinezen arropa eta osagarriak ere aurkeztu dituzte. Horretarako, desfilea egin dute 27 kultur-, kirol- eta gizarte-elkartek.

2025eko logotipoa deseraikitako buru baten irudia izango da, zeinetan begi bat, sudur bat, aho bat eta bihotz bat ikusten diren.

Atarrabiako eta Uharteko alkate Mikel Oteiza eta Alfredo Arruiz ere izan dira ekitaldian, hainbat zinegotzi eta udal ordezkari lagun zituztela.

Paz de Ziganda Ikastolaren izenean, Iñaki Erroz zuzendaria eta Maider Nuin presidentea egon dira. Hitza hartu duenean, Errozek kooperatibismoaren eta auzolanaren garrantzia azpimarratu du.

Errozek gogora ekarri du gaur egun 200 bat lagun ari direla 15 batzordetan lanean, datorren urteko Nafarroa Oinez antolatzeko. "Beti oroituko dugun zerbait sortu nahiko genuke, eta proiektu horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Horretarako, etor zaitezte urriaren 19an Atarrabiara", esan du.

Bestalde, Maider Nuinek eskerrak eman dizkie desfilean izan diren erakunde guztiei, eta adierazi du horien helburuak Nafarroa Oinezek dituen berberak direla.

Esan bezala, Paz de Ziganda Ikastolak hirugarrenez antolatuko du Nafarroa Oinez (1991ean egin zuen estreinakoz, "Euskaz Bizi" leloarekin, eta 2010ean bigarrenez, "Munduz mundu" leloa lagun).

Hurrengo edizioak ikastolaren espiritua goratzea bilatuko du "Buruz, bihotzez, oinez" leloari eutsita.