Gizartea
Ibarrangelu
Ehunka lagun bildu dira Lagan, dunak aldatzeko Kosta zuzendaritzaren lanen kontra
EITB Media
Salatu dutenez, obra horiekin hondartzako bi dunak pasabide baten bidez lotu nahi dituzte. Paisaia aldatzeaz gain, pasabide hori oztopo izango litzateke mugikortasun urriko pertsonak hondartzara sartzeko eta balizko ebakuazioak egiteko. Udalak ez zuen lanen jakinarazpen ofizialik.
-
Larunbateko protesta, Lagan. EITB.
Mila pertsona inguru bildu dira larunbat honetan Lagan (Ibarrangelu), Espainiako Gobernuaren Kosta Zuzendaritza duela egun batzuetatik hondartza horretan egiten ari den obra batzuengatik protesta egiteko.
Bizilagunek duten informazio urriaren arabera, obra horiekin hondartzako bi dunak pasabide baten bidez lotu nahi dituzte.
Carlos García Buendía Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariaren arabera, "natura biziberritzeko lan txikiak dira", baina, herritarrek salatu dutenez, paisaia aldatzeaz gain, pasabide hori oztopo izango litzateke mugikortasun urriko pertsonak hondartzara sartzeko eta, inoiz beharko balitz, ebakuazioak egiteko.
Gainera, herriko alkate Jesus Mari Ziluagak adierazi duenez, Udalak ez du lan horien inguruko jakinarazpen ofizialik jaso Espainiako Gobernuaren partetik, eta salatu du "hondarra altxatzen eta mugitzen" ari direla, "inolako azterketarik egin gabe", eta horrek ingurumenean ondorioak izan ditzakeela.
Ostiral goizaldean, ezezagun batzuek hondartzan lanean ari diren makinetako bi sabotatu zituzten, gasolina-deposituetara hondarra botata. Ondorioz, Gobernuak lanak gelditu behar izan ditu.
EFE albiste-agentziari egindako adierazpenetan, Ibarrangeluko alkateak lan horiei buruzko "informazioa" eskatu dio Kosta Zuzendaritzari, eta obra horiek "okertzat" jo ditu. Udalak erakundeekin hitz egingo duela esan du, esku-hartzea "ahalik eta txikiena" izan dadin.
Sabotajeari dagokionez, Udalak ohar bat helarazi dio Kosta Zuzendaritzari langileei elkartasuna agertzeko eta Udala horrelako ekintzen "aurka erabat" dagoela adierazteko. Laga defendatzeko sortutako auzo-elkarteak berak azpimarratu du beti eskatu duela modu baketsuan jarduteko eta protestatzeko.