Itxi

Gizartea

Valentzia

Fraide bat oso larri, Gileteko Espiritu Santuaren monasterioaren aurkako eraso baten ondoren (Valentzia)

EITB MEDIA

"Jainkoaren izenean" jipoitu ditu erasotzaileak elizgizonak. Beste hiru erlijioso ere zauritu ditu, eta traumatismoak eta ubeldurak egin dizkie.

Valentziako Gilet herrian dagoen Espiritu Santuaren komentuko fraide bat oso larri dago, larunbat goizean pertsona batek erlijiosoen aurka egindako erasoaren ondorioz, Guardia Zibileko iturriek baieztatu dutenez. Larunbat arratsaldean erlijioso horren heriotzaren berri eman badute ere, bizirik jarraitzen du, iturri berberek baieztatu dutenez.

Guardia Zibilaren arabera, gizonezko batek monasterioko hesia gainditu du eta bertan zeuden zazpi erlijiosori eraso die; ondorioz, horietako bat egoera kritikoan dago. Oraindik ez dute atxilotu, baina erasotzailearen bila jarraitzen dute.

Beste iturri batzuen esanetan, erasotzaileak makila bat, makulu bat eta kristalezko botila bat ere erabili ditu fraideak jipoitzeko.

Bestalde, Sortzez Garbiaren frantziskotarren probintzialak, frai Joaquin Zurera Ribok, ohar bat argitaratu du gertakariaren berri emateko, eta esan du pertsona bat komentuan sartu dela eta logeletan zeuden erlijiosoei eraso diela.

Larrialdietarako Informazio eta Koordinazio Zentroak zehaztu duenez, 10:00ak aldera jaso dute Gileteko Espiritu Santuaren monasterioan zauritutako fraide batzuei laguntzeko abisua, eta hainbat osasun-baliabide bidali dituzte bertara.

Zehazki, Bizi Euskarri Aurreratuko anbulanztia batek 76 urteko gizonezko bat eraman du Ospitale Klinikora garezurreko traumatismoa baitzuen; Oinarrizko Bizi Euskarriko unitateek, berriz, beste hiru zauritu eraman dituzte Saguntoko ospitalera, kolpeekin. 57, 66 eta 95 urteko hiru gizon dira.

Erlijiosoen elkarteak erasoa gaitzesten du eta anaien sufrimenduarekin bat egin du, "gorputzeko zauriekin eta bizi izandakoak ariman eragindako minarekin, zalantzarik gabe, arrasto sakona uzten baitute pertsonengan".

"Erasotzailearen alde egitea ere eskatzen dugu, egindako minaz jabetu dadin eta gai izan dadin bere jokabidea zuzentzeko eta egindakoaz damutzeko", dio komunikatuak. Halaber, elizgizonei eskatu diete elkar zaindu dezatela eta adi egon daitezela monasterioan jasotzen dituzten bisitekin.