Gizartea
Goialdeko depresioa
Manifestazio jendetsua egin dute Valentzian, Mazonen dimisioa exijitzeko
agentziak | eitb media
130.000 lagun bildu dituen protesta 18:10ean hasi da, hiriburuan. Antolatzaileen ustez, hondamendia "saihets zitekeen" eta Mazonek "ezin du egun bat gehiago iraun" Valentziako Gobernuan. Poliziak lau pertsona atxilotu ditu manifestazioaren amaieran izandako istiluetan.
Jendetza bildu da larunbat arratsaldean Valentzia erdialdeko kale eta plazetan, 130.000 pertsona, Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen Ordezkaritzaren arabera, tanta hotzak eragindako tragediaren kudeaketagatik protesta egiteko eta Carlos Mazon Generalitateko presidentearen eta Gobernu osoaren dimisioa eskatzeko
Probintzian 200 hildako baino gehiago eta milaka kaltetu eragin dituzten uholdeak gertatu zirenetik hamaika egun igarota, manifestariek "amorrua" agertu dute kaleetan agintarien kudeaketa "negargarriagatik".
Valentziako Erkidegoko 65 erakunde sozial, zibiko eta ezkerreko sindikatuk deitu eta gerora beste 83 elkarteren babesa izan duen deialdiari erantzunez, 18:10ean abiatu da martxa Udaletxe plazatik, eta ordu eta erdi geroago amaitu da, Generalitateko jauregiaren aurrean.
Milaka manifestari elkartu dira "Mazon, dimititu" lelopean, presidenteak eta Generalitateak goi-geruzetako depresio isolatuaren aurrean egin duen "kudeaketa arduragabea" salatzeko.
Besteak beste, "hiltzailea" eta "dimisioa" garrasiak entzun dira ibilbidean, baita "Non zeuden herria itotzen ari zen bitartean?" zioten kartelak ikusi ere, nahiz eta manifestazio isila izateko deia egin zen, biktimei begirunea erakusteko.
"Gaitasunik ez dutela erakutsi dute. Ez dute merezi valentziarren bizitza gidatzea. Ez dute jakin hondamendi natural bat kudeatzen, ez dute jakin garaiz abisatzen, ez dakite nola kudeatu garbiketarako laguntza eta material bilketa, eta, noski, ez dira gai izango Valentzia berreraikitzeko lanak kudeatzeko; beraz, etxera joan behar dira", esan dute antolatzaileek.
Antolatzaileen ustez, tragedia "saihets zitekeen", eta horregatik, Gobernua "kriminala" dela uste dute. Horien iritzian, agerian geratu da Valentziako Gobernuaren legegintzaldi honetako politikek "klima-aldaketa ahaztu" egin dutela.
Ordezkariek berretsi dute manifestazioarekin "salaketa publikoa" egin nahi izan dutela, eta "ardura politikoak eskatu" biktimen omenez eta haien ordez.
Mazonek "beste egun batez Gobernuan jarraitzea jasanezina da", horien aburuz. "Ez du zentzurik Valentziako Generalitateko Gobernuak hor jarraitzea", erantsi dute.
Mazonen itxura duen panpina, manifestazioan. Argazkia: EFE
Deitzaileen esanetan, "12 orduko atzerapenaz" jokatu zuen Gobernuak, eta horrek "hondamendia handiagoa" izatea eragin zuen.
"Egunez egun geroz eta akats gehiago ari gara ikusten erabaki katean, horiek heriotzak eragin dituzte, eta herri batzuetan oraindik ez dira makina handiak sartu ere egin", salatu dute.
Gertatutakoa gertatzeko "arrazoiak" aztertzeko eta "irtenbide eraginkorrak" bilatzeko ere eskatu dute antolatzaileek.
Manifestazioa deitu dutenen artean hauek daude: Acció Cultural del País Valencià, Amical de Mauthausen, Arran-SEPC-COS-Endavant, Arrels del Canvi, Assemblea de Barri de Montolivet, BEA, Benicalap Viu, Ca Bassot, Ca Revolta, CNT València, Comissió Ciutat-Port, Coordinadora Associacions Memòria Democràtica País Valencià, Decidim- Plataforma pel dret a decidir del País Valencià, Entrebarris, Escola Valenciana, FAMPA València, Intersindical Valenciana, Joves d'ACPV, JovesxRussafa, LAMBDA, Plataforma 14 d'abril per la República, Societat Coral El Micalet, Teixint Patraix eta Associació Cultural És País Valencià.
Poliziaren kargak, manifestazioaren amaieran
Polizia Nazionala manifestarien aurka oldartu da, protesta egiten ari zirenek "borra gutxiago eta erratz gehiago" oihukatzen zuten bitartean.
Dirudienez, udaletxearen kontra bengalak jaurtitzen hasi direnean abiatu du karga Poliziak. Horrez gain, lokatza ere jaurti dute manifestariek. Guztira lau pertsona atxilotu dituzte eta 30 polizia zauritu dira istiluetan, agintarien esanetan.
Valentziako PPk manifestazioak kutsu "politikoa" izan duela esan du
Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularrak (PPCV) goialdeko depresioaren ondorioak kudeatzeko moduaren aurka egindako manifestazioak kutsu "politikoa" izan duela esan du, eta "istiluak sortzea" leporatu die "erakunde katalanistei".