Itxi

Gizartea

Bilbo

Gorenak 10 urteko zigorra berretsi du Bilboko etxebizitza batean gizon bat hiltzen saiatu zen gizonarentzat

Agencias | EITB Media

Biktima bi aldiz jarraian itotzen saiatu zen erasotzailea, hori lortu ez eta objektu batekin kolpatuz hiltzen saiatu zen. 2021ean Bizkaiko hiriburuan gutxienez bost gizon hiltzeagatik epaitzen ari diren gizon bera da akusatua.

  • Espainiako Auzitegi Gorena.

    Espainiako Auzitegi Gorena.

Espainiako Auzitegi Gorenak 10 urteko kartzela-zigorra berretsi du gizon bat hiltzen saiatu zen gizasemearentzat. Aplikazio baten bidez harremanetan jarrita, Bilbon egin zuten zita, biktimaren etxean, eta han gertatu zen erasoa. 

25 urteko akusatua duela gutxi zigortu zuen Bilboko Zigor Arloko 5 zenbakiko Epaitegiak, hildako beste gizon batena zen kreditu-txartel bat iruzurrez erabiltzeagatik eta zabalik ditu kausak Bizkaiko hiriburuan 5 gizon hiltzeagatik.

Auzitegi Gorenak ostegun honetan emandako epaian ageri denez, akusatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoa atzera bota du Auzitegiak. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ezarritako 7 urte eta erdiko zigorra 10 urtera igo zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Akusatuak bera jarri zuen horren kontrako helegitea zen.

Bizkaiko epaitegiak homizidio saiakeratzat jo zituen gertaerak; EAEko Auzitegi Nagusiak, aldiz, hilketa saiakera gisa, eta horixe berretsi du orain Auzitegi Gorenak ere. 

Gainera, erantzukizun zibil gisa, lesioengatik, ondorioengatik eta kalte moralengatik 10.800 euroko kalte-ordaina berretsi du Auzitegi Gorenak.

Frogatutako gertakarien arabera, akusatuak eta biktimak sexu-harremanak izan zituzten aurreko hitzordu batean, eta beste baterako geratu ziren.

2021eko abenduaren 17an, bigarren topaketa bat hitzartu zuten, biktimaren etxean. Han, sofan eroso zeudela, ustekabean, akusatua biktima itotzen saiatu zen, hura hiltzeko asmoz.

Bere burua askatzen saiatu zen biktima, eta une batean, "ahalegin handiz, arnasa hartzea" lortu zuen. Itotzeko bigarren ahaleginaren ondoren, ihes egin zuen, atea ireki zuen eta oihu egin zuen, laguntza eske, baina akusatuak berriro harrapatu zuen eta altzari baten gainean zegoen irudi batekin buruan jo eta zauritu egin zuen.

Ondoren, etxebizitzatik ihes egin zuen akusatuak, motxila, berokia eta dokumentazioa bertan utzita. 

Auzitegi Gorenaren epaiak azaltzen duenez, hiltzeko asmoa frogatutako egitateak berak argi uzten duela "ekintzak ere horren erakusgarri direlako, itotzeko bi saiakerak eta behin eta berriz emandako kolpe gogorrak". 

Gaineratu duenez, gertakariak "denbora-tarte laburrean gertatu ziren, eta biktimaren heriotza eragiteko borondatea errepikatzen duten hiru ekintza izan ziren".

Salak atzera bota du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Elkarteak (GEHITU) EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoa. Diskriminazioagatiko astungarria aplikatzeko eskatu zuen elkarteak, baina Auzitegi Gorenak erantzun du ez frogatutako gertaerek ez epaiketan garatutako frogek ez dutela "halako diskriminaziorik erakusten".

"Egileak eta biktimak elkar ezagutu zuten eta harremana adostu zuten, berriro geratu ziren eta gertatutakoa jazo zen" eta jokabide horren oinarrian ez dago, Gorenaren esanetan, "besteen sexu-orientazioagatiko ekintza diskriminatzailerik".