Gizartea
Hirigintzaren Mundu Eguna
Tolosa, Azpeitia eta Bilbo, uholde arrisku handiena duten herrien artean
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Euskal Herrian uholde arriskua txikia bada ere, zenbait herri eta hiri urpean geratzeko arriskuan egon litezke. URA agentziara jo dugu, horien zerrenda osatze aldera.
-
EITB MEDIA
Euskal Herriko herri eta hiriak, oro har, ondo egokituta daude, hirigintzaren ikuspegitik, uholdeei aurre egiteko; izan ere, kontzientzia gero eta handiagoa dago, eta gero eta inbertsio gehiago egin dira eta egiten ari dira azken boladan ur-emariari ondo eusteko, obra hidraulikoak edo kale iragazkorrak eginez, esaterako.
Nolanahi ere, zenbait gunetan egon badago uholdeak izateko arriskua. Tolosa da EAEn uholde-arrisku handiena duen eremuetako bat. Hala gertatuz gero, Alde Zaharra eta zabalgunearen zati bat izango lirateke kaltetuenak. Jarduera ekonomiko handiko eremua da, eta horretan eragina izan dezake.
Tolosan, bi zubi dira uholde-arriskua izatekotan arazo gehien eragin ditzaketenak: Nafarroako zubia eta Zubi Berria. Horregatik, URA agentziak begi guztiak jarrita ditu hor. Gipuzkoan, Azpeitia eta Bergara ere aipatu dituzte.
Bizkaia aldera eginez gero, Bilbo da, ziur asko, uholdeak izatekotan gunerik kaltetuena izan daitekeena. Premiazko hainbat ekintza dira egitekoak bertan datozen urteetan arrisku hori murrizteko. Eta hiriburuekin jarraituta, Gasteizera egin behar dugu salto; izan ere, Bilborekin batera, Zadorra ibaia, Arabako hiriburua eta inguruko herrixkak dira uholdeak izateko arriskua duten eremu nagusiak.
URA agentziak, baina, gune horietan hainbat jarduera egitea aurreikusi du. Obra hidraulikoak ezinbestekoak dira ura bideratu eta kontrolatzeko, Ekain Jimenez arkitektoaren esanetan. Horien bidez uraren fluxuak kontrola daitezke, aurrea hartzeko eta arriskua nabarmen murrizteko.
EITB Media
Leheneratze ekologikoaren garrantzia ere azpimarratu du Jimenezek; izan ere, gure herri eta hirietan gertatzen denak lotura zuzena du goialdean, erreka hasieretan, gertatzen denarekin. Hala, adituaren esanetan, ibaiak garbitzea eta uraren bideari trabak ez jartzea dira hartu daitezkeen neurrietako batzuk.
EITB Media
Era berean, gero eta ezagunagoak dira hiri iragazkorrak. Baina, zer dira? Hiriak klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoak izan daitezen, berdegune gehiago sortzea, lorategi bertikalak edo teilatu berdeak, kasu, bai eta ura xurgatzeko ahalmena duten lurzoruak, ura kudeatzen laguntzeko. Eredu horiek luze eta zabal hedatu dira, baita gure inguruan ere.
EITB Media
Ekain Jimenez Gasteizen bizi den arktiketo donostiarrak neurri horien nondik norakoak kontatu dizkigu.