Itxi

Gizartea

EUSKARA

Nafarroako Gobernuak hizkuntzen balorazioa arautzen duen merezimenduen dekretua onartu du

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEIDA

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak "euskararekiko jarrera eta estrategia atzerakoia" izatea egotzi diote Nafarroako Gobernuari, dekretua "euskarafoba" dela esanez.

  • Euskararen aldeko manifestazio bat, Iruñean. Artxiboko irudia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

    Euskararen aldeko manifestazio bat, Iruñean. Artxiboko irudia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

Nafarroako Foru Gobernuak Administrazio Publikoan sartzeko merezimenduak arautzen dituen Foru Dekretu berria onartu du, Nafarroako Kontseiluaren aldeko irizpena jasota. Arau berriaren arabera, eremu euskaldunean bakarrik baloratuko da euskara, eta eremu mistoan, "herritarrekiko arreta-mailaren arabera" hartuko da kontuan. Irizpide gisa ezarri da "euskararen eta EBko lan-hizkuntzen (ingelesa, frantsesa eta alemana) ezagutzaren baremazioa oposizio-deialdi bakoitzean" zehaztuko dela, "lanpostu bakoitzaren behar espezifikoak" aztertuta.

Dekretuak ez du jasotzen euskara merezimendu gisa baloratu behar den lanpostuen zerrenda. Aukera ematen du euskararen ezagutza eremu mistora zabaltzeko, baina ez modu orokorrean, "lanpostuarekin eta bere ezaugarri espezifikoekin zerikusia duenean", besterik ez. Horrek esan nahi du deialdi bakoitzean "balorazio indibidualizatua" egingo dela. Eremu ez-euskaldunean, berriz, ez da baloratuko euskara jakitea.

Administrazio publikoan hizkuntzen baremazioari dagokionez gerta daitezkeen zenbait kasuistika ere jasotzen ditu araudiak. Hala, adibidez, lehiaketa prozesuetan meritu bidez puntuazio osoaren % 30 jaso ahalko da, eta euskararen ezagutzak gehienez % 11 balioko du eremu euskaldunean, eta % 7 mistoan, betiere, C1 maila egiaztatzen bada.

Ohar bidez, Foru Gobernuak esan du "dekretuaren bidez, segurtasun juridikoa" eman nahi zaiola "Administraziora sartzeko hizkuntzen balorazioari". Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean, eta hortik aurrera egindako deialdiei ezarriko zaie.

"Atzerapauso larria"

Gogor kritikatu dute dekretua Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, "ezartzen duen atzerapausoa oso larria" dela esanez. Nafarroako Gobernuaren "jarrera euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren baitan" kokatu dute erabakia, eta "parametroak aldatzeko garaia" dela esan dute: "ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez, hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz".

Kontseiluaren eta Behatokiaren iritzian, "honen guztiaren muinean 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa" dago. "Horrek ahalbidetzen du eta horrelako dekretu bat onartu ahal izatea. Izan ere, orduko zonifikazioaren bidez ebatzi zen Nafarroan bi mailako herritarrak daudela; bizitokiaren arabera, herritar batzuei hizkuntza-eskubide guztiak aitortzen zaizkiela eta, besteei, ez", esan dute.

Hala, "euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen Euskararen Lege bat" aldarrikatu dute, "herritar guztien eskubideak" bermatuko dituena.

2019an kaleratutako epai baten bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko merezimenduen dekretua (2017koa) baliogabe utzi eta bost urtera iritsi da araudi berria.