Gizartea
Goialdeko borraska
Valentziako kaltetuekiko elkartasuna "antolatua" eta dirutan izan dadila eskatu dute EAEko erakundeek
Agentziak | EITB MEDIA
Valentziako Generalitatearekin harremanetan daudela adierazi dute, kaltetuen behar zehatzak zeintzuk diren jakiteko.
-
Kaltetutako hainbat pertsona ura jasotzen. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek herritarrei eskatu diete Valentzian uholdeek kaltetutako pertsonekiko elkartasuna modu "antolatuan" eta, une honetan, diru-ekarpenen bidez egin ditzatela.
Erakundeek ohar batean adierazi dutenez, "etengabeko harremanetan daude Valentziako Generalitatearekin, zuzenean, kaltetutako pertsonen behar zehatzak zeintzuk diren jakiteko". Era berean, Valentzian larrialdietako zerbitzuetako, suhiltzaileetako, DYAko eta EAEko Gurutze Gorriko 80 pertsona baino gehiago lanean ari direla nabarmendu dute
Azpimarratu dutenez, "elkartasunak egokia eta eraginkorra izan behar du, eta, horretarako, ezinbestekoa da elkartasun antolatua izatea". Hori dela eta, "tokian bertan jarduten ari diren erakundeek eta elkarteek beharrezkoa dela diotenari erantzutea" gomendatzen dute.
Ildo horretan, gaineratu dute une honetan "funtsezko beharra" dela erakunde horiek emandako kontu korronteen bidez dirua bidaltzea. Hala ere, aurrerago laguntza gehiago beharko direla ohartarazi dute, "hondamendi honen inpaktua luzatu egingo baita".
Horregatik, laguntzak eta dohaintzak eman nahi dutenek Valentziako Generalitateak zabaldutako Som Solidaridat atarira jotzea gomendatu dute EAEko erakundeek; webgune hori horretarako sortu baitute, beren-beregi.