Itxi

Gizartea

GOIDI

Valentziako epaitegi bat Paiportako istiluak ikertzen ari da, atentatutzat eta desordena publikotzat hartuta

Agentziak | EITB Media

Errege-erreginen, Sanchezen eta Mazonen bisitan, Espainiako Gobernuko presidenteak kolpe bat jaso zuen.

  • Bisita ofiziala Paiportara (Valencia).

    Bisita ofiziala Paiportara (Valencia). Argazkia: EFE

Valentziako epaitegi batek ikerketa abiatu du Espainiako eta Valentziako agintariek Paiportara (Valentzia) egindako bisita ofizialean izandako istiluengatik. Felipe VI.a eta Letizia Espainiako errege-erreginek, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak egindako bisitan izandako istiluak atentatu, desordena publiko eta kalteen delitu gisa ikertzen ari dira, La Sexta telebista kateak aurreratu duenez.

Uholdeek gehien kaltetu duten herria bisitatu zuten agintariek, eta bizilagunek "hiltzaileak" oihu artean hartu zituzten. Gainera, lokatza bota zieten ordezkari instituzionalei, eta Sanchezek kolpe bat jaso zuen.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak elkarrizketa batean adierazi duenez, espero du Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak laster identifikatzea Sanchez kolpatu eta lokatza eta objektuak jaurti zituzten pertsonak; "biolento bakan batzuk", bere ahotan.

Bere ustez, istiluetan parte hartu zutenen artean "gutxieneko antolaketa" bat zegoen, baina Marlaskak ez du baieztatu eskuin muturreko kideek edo taldeek gertakari horrekin duten lotura, ikerketaren garapenaren zain.

Barne ministroak zehaztu duenez, agintariak bertatik ateratzea "oso zaila" izan zen, Sanchezen aurkako erasoaren ostean, "agerikoak ziren segurtasun arrazoiengatik", "edonork ikusi edo egiaztatu ahal izan zuen bezala", baina Errege Etxeak zabaldutako segurtasun-sistema osoaren "profesionaltasunari" esker, Guardia Zibilaren laguntza-zerbitzuekin batera, "saihestu" egin zuten "indarkeriazko gertakari erabat gaitzesgarri" horiek "ondorio okerragoak" izatea.