Itxi

Gizartea

EPAIKETA

Bost urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdia Suesan autoarekin hiru lagun hil zituen gizonarentzat

EITB MEDIA

Epailearen aurrean akusatuak damua agertu du eta barkamena eskatu die hildakoen senideei. 73 urte zituen gertakarien unean, 79 km/h-ko abiaduran zihoan 50 km/h-ko gehienezko abiadura gune batean, eta baimendutako alkohol-tasa ia hirukoiztu egiten zuen.

  • Kantabriako Probintzia Auzitegia, gaur.

    Kantabriako Probintzia Auzitegia, gaur.

Bost urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra adostu dute aldeek, iazko apirilean, Kantabriako Ribamontan al Mar udalerriko Suesa herrian hiru lagun autoarekin harrapatu eta hil zituen gizonezkoarentzat. Sei delitu leporatu dizkiote: hiru, arduragabekeraizko homizidio larriagatik; bat arduragabekeriazko lesio larriengatik; eta beste bana ausarkeriaz eta alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Gaur zen hastekoa epaiketa, Kantabriako Probintzia Auzitegian, Santanderren.

Biktimak Sestaoko 42 eta 19 urteko ama bat eta haren semea eta Errioxako Santo Domingo de la Calzadako 68 urteko emakume bat izan ziren. Gertakarien unean 73 urte zituen akusatuak, orduko 79 kilometroko abiaduran zihoan 50 km/h-ko abiaduran mugatutako tarte batean, eta baimendutako alkohol-tasa ia hirukoiztu egiten zuen. Gainera, medikamentuen eraginpean zegoen. 2023tik behin-behineko espetxealdian egon da gizona.

Istripua 2023ko apirilaren 4ko 20:00ak aldera gertatu zen. Auzipetuak ibilgailuaren kontrola galdu eta bidetik atera zen, CA-433 errepidean, Suesa parean. Herriko kanpinean ostatu hartuta zeuden eta bide ondoko oinezkoen pasealekuan ibiltzera irten ziren hiru pertsona hil zituen.

Gaur, epailearen aurrean damua agertu du akusatuak eta biktimen senideei barkamena eskatu die. Kartzela zigorraz gain, gida-baimena betiko erretiratu diote.