Itxi

Gizartea

GOIALDEKO BORRASKA

Eskolarik gabe, trafikoan murrizketak ezarrita eta telelanerako deiarekin hasi dute astea Valentzian

EITB MEDIA

Joan den astearteko denboraleak desagerrarazitako herritarrak bilatzea da erreskate taldeen lehentasuna. Azken datu ofizialen arabera, hildakoak 213 dira.

  • Paiporta, atzo. Argazkia: EFE

    Paiporta, atzo. Argazkia: EFE

Eskolarik gabe, trafikoan murrizketak ezarrita eta telelanerako deiarekin hasi dute astea Valentzia hiriburuan eta Goi Geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) kaltetutako gainerako herrietan. Azken datuen arabera, hildakoak 213 dira dagoeneko. Denboraleak eragindako txikizioa, berriz, kalkulaezina da.

Valentziako Generalitateko aldizkari ofizialak bart argitaratu duen ebazpenak biltzen ditu krisia kudeatzeko koordinazio mahaiak adostutako neurri bereziak. Besteak beste, trafikoari lotutako murrizketak 48 orduz luzatzea erabaki da —astearte gauerdira arte—, erreskate taldeen eta oinarrizko zerbitzuak (elikagaiak, ura, argindarra eta komunikazioa) berrezartzen ari diren enpresen joan-etorria errazteko.

Atzo iluntzean, hedabideen aurreko agerraldi batean, Vicente Martinez Mus Generalitateko Ingurugiro, Azpiegitura eta Lurralde kontseilariak esan zuen larrialdi egoerari aurre egiteko "ezinbestekoa" dela zenbait herritako sarrera-irteerak mugatzea.

Trafiko-murrizketak larunbatean ezarri zituzten. Orotara, Valentzian bost errepide nagusi daude erabat itxita, goialdeko borraskaren ondorioz: A-7 autobidea, Quart de Poblet eta Torrent artean; N-3a, San Juanetik Siete Aguseraino; CV-33a, Torrent parean; CV-36a, Picanyatik A-7rako lotuneraino; eta C-50a, Chivan.

Murrizketak direla eta, astelehen goiz honetan kilometro luzeko auto-ilarak sortu dira hainbat errepidetan. Valentzia hirira sartzeko sei bidetan pilaketak, denera, 30 kilometrokoak izan dira.

Telelanerako deia

Bestalde, ahal duten herritarrei telelana egiteko eskatu die Generalitateak, "larrialdietarako zerbitzuen eta garbiketatako langileen lana ez oztopatzeko". "Patronalarekin eta enpresekin elkarlana erabatekoa izango da, hala esan didate. Telelana ahalbidetuko da, aukera hori posible den enpresetan", esan zuen Martinez.

Neurriari "lege-babesa" emateko lanean ari direla ere erantsi zuen. Valentziako zein Espainiako gobernuen langile publiko guztiei zabaldu diete telelanerako deia.

Eskolak itxita 

Eskolak ere itxita egongo dira Valentzia hiriburuan eta kaltetutako herrietan, baita unibertsitateak ere. Guztira, 22 herrik jakinarazi diote Hezkuntza Kontseilaritzari astebetean, gutxienez, itxita izango dituztela eskolak.

Bilaketa lanak

Bien bitartean, joan den asteartetik desagertuta dauden herritarrak topatzea da erreskate taldeen lehentasuna. Urak hartutako lur azpiko aparkalekuetan eta garajeetan ari dira bila azken orduotan.