Gizartea
Valentzia
Espainiako errege-erreginak, Sanchez eta Mazon oihu artean eta objektuak botaz hartu dituzte Paiportan
EITB Media
Jendartera gerturatzen hasi direnean dozenaka lagun oihukatzen eta objektuak botatzen hasi dira. "'Hiltzaileak', 'kanpora', 'laguntza, 'Mazon dimisioa' eta 'Sanchez dimisioa entzun dira.
Felipe VI .a eta Letizia Espainiako errege-erreginak eta igande honetan Paiportan (Valentzia) izan diren agintarien segizioa, oihuka eta irainka hartu dituzte, eta objektuak eta lokatza jaurti dizkiete.
Ehunka boluntariok eta Paiportako bizilagunek, haserre bizian, kaleak eta sotoak garbitzeko lanak eten dituzte segizioa iristen ikusi dutenean, "kanpora, kanpora" oihukatuz eta lokatza eta lohia jaurtiz.
Une jakin batean, bisitaren hasieran, eta "hiltzaile" oihuen artean, erratz- edo pala-makila bat erori da Sanchez presidentea zegoen ingurura, eta, une horretatik aurrera, bere segurtasun-taldeak inguratu du. Iskanbila handitzen ari zela, segurtasunezko langile batek aterki bat zabaldu du bizilagunek jaurtitzen zituzten lokatz eta harrietatik babesteko agintariak.
Segizioa hautsi egin da, eta buruan erregea eta Carlos Mazon Generalitateko presidentea geratu dira, gainerakoengandik bereizita. Oinez zihoazela, hamarnaka lagunek oihu egin, eta objektuak eta lokatza jaurti dizkiete. Poliziako eta Guardia Zibileko agenteak eta militarrak saiatu dira haiek geldiarazten eta agintariak babesten. Istiluetan, Felipe VI .a eta Mazon hainbat pertsonarekin hitz egiten gelditu dira, baita Letizia ere.
Felipe VI. eta Mazon lokatzezko orbanekin ikusi dituzte aurpegian eta arropetan. 'Hiltzaileak', 'kanpora', 'laguntza', 'Mazon dimisioa' edo 'Pedro Sanchez dimisioa' oihuak entzun dira. Eta segurtasun-agenteak Felipe VI .a aterkiz babesten saiatu dira.
Argazkia: EFE
Biak ala biak han batutako lagunekin hizketan aritu dira, baita Letizia ere. Kaltetutako pertsona batzuk besarkatzen ere ibili da erregina.
Aurpegia eta berokia lokaztuta, kale nagusietako bat hartu du erregeak, tarteka Mazon alboan zuela, eta bizilagunetako batzuekin egin du berba.
Bitartean "kanpora, kanpora" oihuak entzuten ziren, baita irainak ere, eta Letiziaren bizkartzainetako bat bekokian zauritu dute.
Argazkia: EFE
Gertakarion harira, X sare sozialean duen kontuan Carlos Mazonek zera idatzi du: "Ulertzen dut jendea haserre egotea, eta noski kasu egin nahi diedala. Nire betebehar politiko eta morala da". Mezu berean, erregearen jokabidea "eredugarria" izan dela adierazi du Mazonek.
Entiendo la indignación social y por supuesto me quedo a recibirla. Es mi obligación política y moral. La actitud del Rey esta mañana ha sido ejemplar.
— Carlos Mazón (@carlos_mazon_) November 3, 2024
Chivara egin behar zuten bisita atzeratu dute
Errege-erreginak, Sanchez eta Mazon Chivara joatekoak ziren, baina Paiportan gertatutakoa ikusita, bisita atzeratzea erabaki dute Estatuko eta erkidegoetako agintariek eta Errege etxeak, Zarzuelatik jakinarazi dutenez.
Ehunka lagun zeuden Chivan bilduta, oihuka, monarkak eta presidente biak iraintzeko asmotan.
"Ez gaituzte zapalduko", esan dute garrasika, eta agintarien "oilokeria" egin direla kritikatuko dute.
Segurtasun protokoloari jarraikiz utzi du Paiporta Sanchezek
Valentziako Gobernuko Ordezkaritzak ziurtatu duenez, Pedro Sanchezen eskoltak "segurtasun protokoloa aktibatu duelako" utzi du Espainiako presidenteak Paiporta. Oharrean, erantsi du bai berak eta baita berarekin joan diren gainerako kideak ere ondo daudela.
Sanchez zihoan autoa.
Paiportako istiluen ostean, helburuei tinko eusten dietela azpimarratu du Sanchezek, hau da, "bizitzak salbatzea, gorpuak berreskuratzea eta kaltetutako eremuak berreraikitzea".