Itxi

Gizartea

Valentzia

Krisiari berehala erantzuteko bost talde eratu nahi ditu Generalitateak, zenbait ministroren esku-hartzearekin

EITB Media

Valentziako presidente Carlos Mazonek erakundeek zein herritarrek emandako laguntza eskertu, eta osasun langileen lana goratu du. "Nola edo hala" etxe guztietara iritsiko direla ere hitzeman du.

  • Carlos Mazon

    Carlos Mazon. Argazkia: EFE

Valentziako Generalitateko presidente Carlos Mazonek iragarri du goialdeko borraskaren ondotik erkidegoak bizi duen krisiari "berehala" erantzuteko bost talde eratuko dituela, eta horietako bakoitzean Espainiako Gobernuko zenbait ministro egotea eskatu du.

Mazonek adierazpen horiek egin ditu L'Eliana (Valentzian) arratsaldean egindako agerraldian, Fernando Grande-Marlaskarekin bildu ostean.

Hasteko, osasun gaiekin lotutako talde bat sortuko du, Marciano Gomez Osasun kontseilaria buru. Monica Garcia Osasun ministroak ere talde horretan parte hartzea eskatu du Mazonek. Helburu nagusia arrisku epidemiologikoak ebaluatzeko premiazko plan bat egitea izango da, "benetako arrisku epidemiologikoaren aurrean prebentzio-mekanismoetan jarduteko". 

Bigarren taldea, azpiegiturekin lotutakoa, Ingurumen, Azpiegitura eta Lurralde kontseilari Vicente Martinez Musek zuzenduko du, eta Nekazaritza kontseilari Miguel Barrachinak ere hartuko du parte. Oscar Puente Garraio ministroaren esku-hartzea ere eskatu du.
Lan honen helburu nagusia tokiko, probintziako eta estatuko garraio- eta azpiegitura-sarea berreskuratzeko premiazko plan integral bat abian jartzea izango da.

Hirugarren taldeak zerbitzu sozialak eta etxebizitza izango ditu ardatz. Mazonek zehaztu du Valentziako Gobernuko Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko eta Etxebizitzako presidenteorde Susana Camareron esku geratuko dela, "ahal izatekotan", Eskubide Sozialetako ministro Pablo Bustinduyren eta Etxebizitza ministro Isabel Rodriguezen partaidetzarekin. Kasu honetan, helburu nagusia izango da premiazko neurriak aztertzea eta hartzea kaltetutako pertsonak birkokatu eta etxebizitzak  berreraikitzeko, bai eta berehalako gizarte-laguntza ematea ere; Mazonek aipatutako neurrien artean, besteak beste, pertsona kalteberei edo mendekoei burokraziarik gabeko zuzeneko dirulaguntzak ematea, eta Estatuko parke publiko osoa mobilizatzea, bereziki SAREBena. Hipotekak edo maileguak atzeratzeko banku-bitartekaritza ere aipatu du.

Bestalde, laugarren talde batek enplegu eta enpresa kontuak jorratuko ditu, Hezkuntza, Kultura, Unibertsitate eta Enplegu kontseilari Jose Antonio Rovirak gidatuta. Talde horretan izango da, halaber, Berrikuntza, Industria, Merkataritza eta Turismo kontseilari Nuria Montes, eta, Espainiako Gobernuko presidenteorde Yolanda Diaz eta Ekonomia ministro Carlos Cuerpo ere. Presidenteak planteatutako helburua, "beharrezko eta premiazko ERTEak" bateragarri egiteko legezko tresna guztiak gaitzea da, baita kotizazioari, langabeziari edo telelanari dagozkion neurriak aztertzea ere, langile autonomoentzako neurri zehatzez gain.

Azkenik, bosgarren taldean, barne arazoei aurre egiteko sortua, Salome Pradas Justizia eta Barne kontseilariak hartuko du parte, eta Grande-Marlaskaren partaidetza galdegin du Mazonek. Talde honen helburua segurtasun baliabideak indartzea izango da, eta kaltetutako eremuetarako sarbide- eta segurtasunaren-kontrola indartzea, lapurreta eta harrapaketak prebenitzeko. "Zaintza eta segurtasun gehiago behar dugu, eta hala izaten ari da", adierazi du Mazonek.

Hain zuzen ere, Barne ministroak Mazonen ostean eman du prentsaurrekoa, eta ziurtatu du Gobernuaren asmoa dela lantalde horiek eratzea, eta normaltasuna ahal bezain pronto berreskuratzeko "beharrezkoak" diren urratsak ematea. Are gehiago, prentsaurrekotik minutu batzuetara, Espainiako Gobernuak baieztatu du taldeetan parte hartuko dutela horietara deitutako ministroek. 

Berehalako erantzuna emateko talde horiek iragartzearekin bat, Mazonek iragarri duenez, "behingoz" Armadako 7.000 soldadu baino gehiago hedatu direnan lurraldean, formalki eskatu dio Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari Defentsako Estatu Nagusiko burua Cecopin sartzea azter dezan, Armadaren lan guztiak koordinatzeko eta etorkizuneko behar militarrak zehazteko.

Azkenik, Europar Batasunak berriki egindako eskaintza ikusirik, Europar Batasunaren aurrean formalki Europako Elkartasun Funtsaren aktibazioa ahalik eta gehien bizkortzeko ere eskatu dio Sanchezi. Eskaera guztiak "ahal bezain lasterren" erantzuna izatea espero du.

Larrialdietako protokoloa berrikustea eskatu du Mazonek

Agerraldian, Carlos Mazonek jakinarazi du Espainiako Gobernuari eskatu diola berrikus eta egunera dezala alerta meteorologikoak eta larrialdiak ohartarazteko Barne Ministerioaren Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren protokoloa.

Jose Angel Nuñez AEMETek valentziar erkidegoan duen Klimatologia buruak egindako adierazpenen harira egin du eskaria. Izan ere, Nuñezek esan du protokoloak ez direla "nahikoa" izan edo AEMETek eman zuen abisua ez zela behar bezala ulertu, "alarma gorria gorabehera, normaltasuna baitzen nagusi herrian".