Gizartea
Hezkuntza
2025ean 246raino igoko da haurreskola kopurua eta 9.180ra plazena
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 79,6 milioi euro bideratuko ditu Haurreskolak Partzuergora 2025ean. urtea amaitzerako, 8 ikastetxe gehiago egongo dira eta 319 plaza gehiago eskainiko dira.
-
Haurreskola bat.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 79,6 milioi euro bideratuko ditu Haurreskolak Partzuergora 2025ean eta datorren urtea amaitzerako guztira 246 ikastetxe egongo dira zabalik, eta 9.180 haurrentzat egongo da tokia.
2025eko urtarrilean, 8.932 plaza eskainiko dira 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat 239 ikastetxetan, 2024an baino bat gehiago. Izan ere, Loiuko haurreskola berria gehituko zaio haur eskolen zerrendari, eta kokapenari dagokionez ere, udalerri berri batera helduko da partzuergoa, 181era iritsiz.
Gainera, 2025eko irailetik aurrera, zenbait haur-eskolak ireki eta handitzea aurreikusten da: Bilbo-Elejabarri (26 plaza gehiago), Bilbo-Txurdinaga (47 plaza berri), Bilbo-Zamakola (52 plaza gehiago), Getxo-Erromo (34 plaza sortuko dira), Donostia-Intxaurrondo Hegoaldea (21 plaza sortuko dira), Donostia-Loiolako Erribera (34 plaza sortuko dira) eta Donostia-Zemoria (34 plaza sortuko dira).
Beraz, 246 haurreskola izango dira guztira, gaur egun baino zortzi gehiago, aurreikusitako zortzi irekierekin, eta 9.180 plaza eskainiko dituzte orotara, une honetan baino 319 gehiago.
2025erako aurrekontu-proiektuan jasotzen denez, aurreikusitako 79,6 milioietatik 77milioi langile-gastuetarako izango dira, bi milioi funtzionamendu-gastuetarako eta 580.000 inbertsio errealetarako.
Datorren ekitaldiko aurrekontuek Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketa hobetzeko aplikazio informatikoak ezartzea ere aurreikusten dute.