Gizartea
GOIALDEKO BORRASKA
Hiru egunen ostean, 205 hildako zenbatu dira Espainiako uholdeetan, eta desagertu kopurua ezezaguna da
EITB Media
Orain, desagertutako pertsonak bilatzea, ur eta argi hornidura berrezartzea eta errepideak garbitzea dira agintarien eta herritarren lehentasunak.
Gutxienez 205 pertsona hil dira Espainiako Estatuan azken mendean izan den hondamendi natural handienaren ondorioz, horietatik 202 Valentziako probintzian, bi Gaztela Mantxan eta bat Andaluzian, azken balantzearen arabera. Paiportan, goialdeko depresioak gehien zigortu duen udalerrian, gutxienez 62 pertsona hil dira, Marilbel Albalat alkateak azaldu duenez. Mediterraneoko goialdeko depresio horrek 1996an Biescasen (87 hildako) eta 1957an Turiako uholdeetan (80 eta 100 pertsona artean hil ziren) baino hildako gehiago eragin ditu.
Larrialdietako taldeen, agintarien eta herritarren ahaleginak sarbide-kanalak irekitzera bideratuta daude gehienbat, ibilgailuak erretiratu, eta sarbide berri horiek kaltetutako pertsonei ura, elikagaiak eta lehen mailako produktuak emateko erabili asmoz; baita ere, nola ez, lehentasun dira oraindik inkomunikatuta dauden herrietara iristea, desagertuta jarraitzen duten dozenaka pertsonak bilatzea eta berreskuratutako gorpuak identifikatzea
Espainiako Armadako 500 militar berri — 300 Lurreko Armadakoak, 100 Airekoak eta 100 Armadakoak — lanean ari dira ostiral honetako lehen ordutik Valentziako Erkidegoan. Gainera, inguru horretan DANAk eragindako hondamendiari aurre egiteko dagoeneko 1200 soldadu daude, gehienak Larrialdietarako Unitate Militarrekoak eta beste 500 batuko zaizkie horiei larunbatean.
Utiel, Requena, Chiva, Reva, Alaquas, Benetusser, Massanassa, Ribarroja, Torrent, Paiporta eyta Algemesi herrietan jardungo dira lanean, batez ere, baita Leturren ere Albaceten, non bost lagun desagertuta dauden oraindik.
Hala iragarri dute Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Carlos Mazon Generalitateko presidenteak prentsaurrekoan, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuaren (CECOPI) bileraren ostean.
Mazonek azaldu duenez, hainbat herritan ura, elikagaiak eta behar diren produktuak banatzeko guneak ezarri dira hainbat herritako ikastetxeetan eta kiroldegietan. Zehazki, Catarroja, Picanya, Paiporta, Sedaví, Torrent, Utiel, Chiva, Alfafar eta Massanassan daude gaituta, eta gainerako herrietan aktibatzen ari dira.
Carlos Mazonek ostiral honetan ziurtatu duenez, une honetan ezin da desagertuen kopuru ofizialik eman, artean "engainagarriak" izango liratekeelako.
Valentziako Generalitateak Valentziako Erakustazokako instalazioak gaitu ditu "berehala" gorputegi gisa erabiltzeko, GOIDIaren ondorioz hildako pertsonentzat. Horrela, biktimen gorpuak gorde eta ehorztetxeei eman ahal izango zaizkie.
Generalitatea boluntarioen lanak antolatzen saiatzen ari da
Boluntarioek erakutsitako ekinbidea ikusita, Generalitateak dei egin die lagundu nahi duten guztiei Valentziako Zientziaren Hirira joateko, bertatik lanak antolatzeko, kaltetutako udalerrietako sarbideak kolapsatu ez daitezen.
Era berean, Valentziako Gobernuak debekatu du ibilgailu partikularrak zenbait bidetan ibiltzea, larunbat eta igande osoan zehar, funtsezko ibilgailuentzako bidea libre uzteko.
Hainbat errepide itxi dituzte —gehienak bigarren mailakoak— Espainia ekialdean —bereziki Valentzia, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa astintzen ari den goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako ondorioengatik. Gainera, A-3 eta A-7 autobiak eta AP-7 autobidea itxita daude. Hori dela eta, Valentzia eta Castello aldera autoz ez joateko deia egin dute.
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak ostiral honetan zabaldu duenez, Espainiako Gobernuaren menpeko diren errepideetako 80 kilometro kaltetuta daude eta dagoeneko 25 milioi euro bideratu dituzte A-7, N-330 eta N-322 errepideak berreraikitzen hasteko.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak 13 milioi euroko partida bat onartu du A-7 autobidea "premiaz" lehengoratzeko. Ministroaren arabera, 10 edo 12 egunetan abiadura mugatuan ibiltzeko moduan irekiko dute.
Errepideak albo batera utzi gabe, beste azpiegitura batzuen egoera ere kezkagarria da. Puenteren hitzetan, Madril eta Valentzia arteko Abiadura Handiko Trena "gehienez ere" 15 eguneko epean martxan egongo da. RNEn egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, kaltetutako bi tuneletako batean, Torrentekoan, "uholdeaz harago" ez da kalterik izan eta Chivako tunela bakarrik berreraiki beharko da.
Aldirietako tren zerbitzuaren egoera are larriagoa da, bost lineetako hiru (C1, C2 eta C3) "desagertu" egin baitira. Puente ministroak zehaztu duenez, C3 lineako 45 kilometro eta C1 eta C2 lineako beste 33 kilometro suntsituta daude eta "ahalegin handia" eta denbora beharko da zerbitzua berrezartzeko.
Bestalde, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Buseoko urtegiaren egoera gertutik jarraitzen ari da, Chera udalerrian (Valentzia). Valentziako Erkidegoko larrialdi zerbitzuek zabaldutako informazioaren arabera, uraren maila egonkor mantendu da eta badirudi ura jaisten hasi dela.
Valentziako Gobernuak eskatu du inor ez dadila goialdeko depresioak bortizkien kaltetutako herrietara joan, ez oinez, ezta autoan ere, toki horietako sarbideak jendez betetzen ari direlako, eta, ondorioz, larrialdi zerbitzuen lana oztopatzen dabiltzalako.
Ildo horretan, Carlos Mazon Valentziako gobernuburuak ez du baztertzen datozen orduetan "neurri murriztaileak" onartzea, autoekin bideak oztopatzea eragozteko.
Fernando Grande-Marlaska Espaniako Barne ministroa ildo beretik mintzatu da, eta mugikortasuna mugatzeko eskatu die herritarrei. Marlaskak Valentziako koordinazio zentroaren ostiraleko bileran parte hartu du, lehen aldiz, Mazon alboan zuela.
Goialdeko borraskak jarraipena izango du asteburuan
AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak azken orduetan ohartarazi duenez, "larrialdi meteorologikoa ez da amaitu", eta Espainiako ekialdea astintzen ari den eguraldi makurrak jarraipena izango du asteburuan ere.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak AEMETen egoitza nagusia bisitatu du ostiral goizean, eta erakundeak egiten duen "behaketa eta iragarpen" lana goraipatu du. Halaber, "arreta" eskatu du, goi-geruzetako depresio isolatua (GOIDI ere deitua) amaitu ez delako. Halaber, Babes Zibileko eta Larrialdietako egoitzatik ere igaro da, eta Espainiako gobernuburuak eskerrak eman dizkie hondamendiaren ondorioak arintzeko lanean ari diren zerbitzari publikoei eta, bereziki, milaka boluntarioei.
Hoy he visitado el centro de operaciones de la @AEMET_Esp, una de las instituciones más respetadas de la Administración. Su labor de observacion y predicción es fundamental.
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) November 1, 2024
La #DANA no ha terminado, hay provincias con avisos naranja y rojo.
Extrememos las precauciones y… pic.twitter.com/34UUWfz3u1
Goialdeko borraskak eragina izaten jarraituko du Santu Guztien zubiak irauten duen bitartean Katalunia hegoaldean eta Valentziako Erkidegoaren iparraldean. Bi toki horietan litekeena da metro koadroko 100 litro pilatzea, eta, ondorioz, uholdeak izatea. Hori dela eta, urak har ditzakeen toki horietatik alde egitea gomendatu du Ruben del Campo AEMETeko bozeramaileak.
Hala ere, gaurko egunari begira Huelva probintzian espero da egoerarik zailena, eta horregatik, alerta maila gorena (gorria) ezarri du AEMETek kostaldean 15:00ak arte, litekeena baita zenbait tokitan metro koadroko 140 litro pilatzea 12 ordutan. .
Era berean, Balear uharteetan 50 l/m2-tik gora batu daitezke ordubetean eta 120l/m2 ordu gutxi batzuetan, AEMETen arabera.
Larunbatean zaparrada indartsuak izan daitezke, bereziki, Katalunia hegoaldean, Valentziako erkidegoan eta Balearretan. Igandeari eta astelehenari begira, goialdeko borraska indarra galtzen eta desagertzen joango da.
Zaintza, lapurretak eta arpilatzeak saihesteko
Valentziako 23.000 herritarrek ez dute argindarrik eta milaka ur edangarri gabe daude. Argindarrik gabe geratutako etxebizitzen % 85 inguruk elektrizitatea berreskuratu dute.
Probintziako hainbat herri, Sedavi, adibidez, ia isolatuta daude, eta jatekorik ere ez dute. Hain justu, Guardia Zibilak jakinarazi du segurtasun indarrak uholdeak kaltetutako Valentziako hainbat herritan zaintza lanak egiten ari direla, hainbat denda, etxe eta ibilgailutan lapurretak izan baitira.
Guardia Zibilak hainbat pertsona atxilotu ditu eta adingabe baten kontrako eginbideak ireki ditu, Valentziako merkataritza-guneetan lapurretetan eta arpilatzeetan parte hartzeagatik.
Gainera, Polizia Nazionalak 50 pertsona baino gehiago atxilotu zituen gauean, kaltetutako eremuetan dendetan lapurretak egiteagatik.