Itxi

Gizartea

Goialdeko borraska

158 pertsona hil dira Espainia ekialdeko uholdeetan, azken zenbaketaren arabera

EITB Media

500 militar gehiago batuko zaizkie dagoeneko Valentzian lanean ari diren 1.200 ingururi; batez ere, Larrialdietako Unitatekoak. G

0:44
Paiporta. Argazkia: EFE.

Gutxienez 158 pertsona hil dira Espainia ekialdean goi-geruzetako depresio isolatuak (GOIDI) eragindako uholdeetan, agintariek emandako azken zenbaketaren arabera. Gehienak (155) Valentzian izan dira, Generalitateak emandako datuen arabera. Besteak, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian.

Valentziako Generalitateko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak telefono bidezko alerta bat —Es-Alert izenez ezaguna— bidali die ostegunean Castelloko bizilagunei, goi-geruzetako depresio isolatuaren (GOIDI) aurrean prebentzio gisa. Horrekin batera, uholde arriskuagatik 2. fasea aktibatu du zentroak. 

Mezua 11:50ean jaso dute herritarrek. Ohartarazpenak "etxean geratzeko" deia egiten du, "leku garaietan", eta kalean egonez gero, "gune garaietara" jotzeko eskatzen die. Errepidera ez irtetea ere gomendatu dute.

Halako larrialdi mezu bat jasotzen denean, sakelakoak zarata ozen eta errepikakor bat egiten du, eta ez da gelditzen erabiltzaileak "onartu" aukerari eman arte. Asteartean, 20:10ean, tankerako mezua jaso zuten Valentziako herritarrek. 

Aurrez, AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak alarma gorria ezarri du Castello (Valentziako Erkidegoa) barnealdean (iparraldekoa) eta kostaldean (hegoaldekoa) zaparrada oso gogorrak izan daitezkeela eta (14:00ak arte). Hala, aurreikuspenen arabera, 12 orduko epean metro koadroko 180 litro pila daitezke. Are, Castelloko hainbat lekutan gainditu dituzte jada kopuruok (Tirigen, esaterako, 200 litro metatu dira).

"Muturreko arriskua! Ez hartu ibilgailua, nahitaezkoa ez bada", ohartarazi du Aemetek, X sarean duen mezu batean. 

Halaber, Castellok alerta laranjan jarraituko du gauerdira arte —behin alarma gorria bertan behera geratzen denean—, baita Tarragonak (Cataluña) eta Teruelek (Aragon) ere, azken horrek 18:00ak arte).

UME Valentzian

500 militar gehiago batuko zaizkie dagoeneko Valentzian lanean ari diren 1.200 ingururi; batez ere, Larrialdietako Unitatekoak. Carlos Mazon Generalitateko presidenteak Defentsa Ministerioari eskatu dio Armadako eta larrialdietako "lehorreko, itsasoko eta aireko" bitarteko guztiak, erreskate lanetan laguntzeko.

X sare sozialean idatzi duenez, Larrialdietako Unitate Militarrak (UME) jakinarazi dio bihar, ostirala, 8:00etan, militar gehiago helduko direla.

Halaber, eskaera hori " Gobernuko presidentearekin hitz egin ondoren" egin dela adierazi du, "astelehenetik izan den kontrol organoaren barruan koordinazio operatiboa hobetzeko" izandako kontaktuen barruan.

Gainera, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Valentziako Erkidegoko 112 Koordinazio Zentro Operatibo Integratuko taldean sartu da, modu iraunkorrean, Mazonek aurreratu duenez.

Sanchez: "GOIDIa gainean dago, ez atera"

Hain justu, larrialdi zerbitzuen deialdiarekin bat egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Valentzia eta Castelloko bizilagunei kalera ez ateratzeko deia egin die: "Goi-geruzetako depresio isolatua gainean dago, ez atera, eta kasu egin larrialdi zerbitzuei dei eta gomendioei". 

Sanchez Valentzian izan da eguerdian, Erkidegoko Koordinazio Zentro Operatiboan, eta bertatik egin ditu adierazpenak. Biktimak gogoan hartu ostean, azpimarratu du larrialdia ezarri zenetik "baliabide eta pertsonal kopuru oso handia" bideratu dituztela Valentziara, eta lankidetzarako borondatea berretsi du: "Lurrez, itsasoz eta airez, eskura ditugun bide guztiekin, arituko gara desagertutakoen bila".

Hain justu, hori da lehentasuna orain: desagertutakoak topatzea. Agintariek ez dute zehaztu zenbat lagunen bila ari diren, eta Margarita Robles Defentsa ministroak "desagertutako pertsona asko" dagoela aitortu du. 

Goizean bederatzi gorpu topatu dituzte Valentzia hiriburuan, La Torre auzoan. Maria Jose Catala Valentziako alkateak zehaztu duenez, zortzi hilotz garaje batean aurkitu dituzte, eta emakume baten gorpua, haren etxe barruan. Guztira, behin-behineko datuen arabera, 13 dira hildakoak hiriburuan. 

Gauzak horrela, ziurra da hildakoen kopuruak gora egingo duela. Biktima gehienak Valentziako probintzian zenbatu dituzte —batez ere Paiporta herrian, 45—, baina Albaceten, Cuencan (biak Gaztela-Mantxan) eta Malagan (Andaluzia) ere hildakoak izan dira. Kopuruokin, Espainiako Estatuko gertuko historian izandako hondamendi natural hilgarriena da goialdeko borraska honek eragindakoa. 

250 milioi euroko laguntzak iragarri ditu Valentziako Generalitateak

Gaur sartu dira indarrean Espainiako Gobernuak ezarritako hiru dolu egunak. Estatuko Aldizkari Ofizialak dolua ezartzeko errege dekretua kaleratu du. "Espainiako nazioaren minaren lekuko, eta 2024ko urriaren 29 eta 30ean izandako uholdeetan hildako eta desagertutako pertsonen senitarteko eta gertukoei dolumina adierazteko",  irakur daiteke testuan. Espainiako banderak haga erdian egongo dira larunbat gauerdira arte. 

Valentziako Erkidegoko Koordinazio Zentro Operatiboa (CECOPI, gazteleraz) goizean bildu da (07:30ean), eta ondoren, agerraldia egin du Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak. Mazonek udalerrientzako dirulaguntza zuzenak izango direla iragarri du, beste administrazioek martxan jarritakoen osagarri. Guztira, 250 milioi euroko partida bideratuko dute, herritarrek etxea edo ondasunak "berehala eta burokraziarik gabe" konpontzeko aukera izan dezaten (kaltetuko 6.000 eurokoak izango omen dira). Gainera, jakinarazi du Europar Batasunari (EB) elkartasun funtsa martxan jartzeko eskaera egin diola.  

Hain justu, kritiken jomuga izan da azken orduetan Valentziako Gobernua (PP eta Vox daude boterean), larrialdi egoeraz egindako kudeaketa dela eta. Izan ere, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) alarma gorria ezarri zuen astearte goizetik, baina Valentziako Erkidegoko agintariek ez zieten herritarrei alerta-mezurik igorri 20:00ak arte. Ordurako, urak herri asko hartuta zituen.

Horren harira, Mazonek esan du bidalitako alertak "unean-unean eta modu egokian" egin zirela eurei "jakinarazitakoa jakinarazten". Atzo Barne Ministerioak kritika egin zion Generalitateari, herritarrei igorri beharreko alertak berari zegozkiela gogorarazita.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagia Valentziako CECOPI zentroan izango dira gaur, hondamendiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko. 

Zaintza, lapurretak eta arpilatzeak saihesteko

Valentziako 40.000 herritarrek ez dute argindarrik eta milaka ur edangarri barik daude. Argindarrik gabe geratutako etxebizitzen % 75 inguruk elektrizitatea berreskuratu dute. Probintziako hainbat herri, Sedavi, adibidez, ia isolatuta daude, eta jatekorik ere ez dute. 

Hain justu, Guardia Zibilak jakinarazi du segurtasun indarrak uholdeak kaltetutako Valentziako hainbat herritan zaintza lanak egiten ari direla, hainbat denda, etxe eta ibilgailutan lapurretak izan baitira.

Guardia Zibilak hamaika pertsona atxilotu ditu eta adingabe baten kontrako eginbideak ireki ditu, Valentziako merkataritza-guneetan lapurretetan eta arpilatzeetan parte hartzeagatik.

Gainera, Polizia Nazionalak 39 pertsona atxilotu zituen gauean, kaltetutako eremuetan dendetan lapurretak egiteagatik.

Guztira, 120 errepide daude itxita uholde eta urak eragindako kalteengatik. Besteak beste, Valentzian, Castellon, Cuencan, Cadizen, Malagan, Granadan, Zaragozan eta Teruelen daude arazoak. DGTk Valentziako errepideetan ez ibiltzeko gomendioa eman du, beste egun batez. Gainera, Domu Santuko zubian ere ez mugitzeko deia egin du Trafiko Zuzendaritzak, ateri eutsiko dion arren, errepideak guztiz ondo ez daudelako. 

Garraiobide publikoei dagokienez, Madril eta Valentzia arteko abiadura handiko trenaren zerbitzuak etenda jarraituko du, gutxienez hiru astez. Distantzia erdiko trenen zirkulazioa ere ez dabil Sevilla eta Malaga artean, Arahal (Sevilla) udalerriko erreka batek gainezka egin baitu.