Gizartea
Denboralea
Gutxienez 95 hildako Espainia ekialdean izandako uholdeetan
EITB Media
Borraskak gogor jo ditu Valentziako Erkidegoa eta Gaztela-Mantxa. AEMETek alarma gorria ezarri zuen, baina ehunka pertsona ustekabean harrapatu dituzte euriteek eta uhaldiek. Urak ibilgailuak eraman ditu eta errepideak suntsitu ditu.
Gutxienez 95 pertsona hil dira Valentziako Erkidegoa eta Gaztela-Mantxa astindu dituen uholdeen ondorioz. Biktima gehienak, 92, Valentzian izan dira, baina Albaceten, Cuencan eta Malagan ere hildakoak izan dira.
Valentziako Auzitegi Medikuntzako Institutuak bederatzi lantalde aktibatu ditu kaltetutako lekuetara joan daitezen, gorpuak jaso eta identifikazioak egiteko. Desagertutako pertsonen kopurua ez da zehaztu, baina Valentziako Generalitateak zehaztu du bilaketa lanak bukatutzat eman dituztela. Gaztela-Mantxan, ordea, desagertutako pertsonen bila jarraitzen dute.
Espainiako historia hurbileko bigarren hondamendi naturalik hilgarriena izan da. Depresioak Valentzia eta Albacete probintziak astindu ditu bereziki. Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) alarma gorria ezarri zuen astearterako, goizetik.
Hala eta guztiz ere, Valentziako Erkidegoko agintariek ez zieten herritarrei alerta-mezurik igorri 20:00ak arte. Ordurako, urak herri asko hartuta zituen. Pertsona asko lantokietan eta errepidean harrapatuta geratu dira. Milaka ibilgailu eraman dituzte urek, herritar gehienak lanetik itzultzeko bidean zeudenean, ez baitzen lana eteteko neurririk hartu, nahiz eta alarma gorria aktibatuta egon.
Euria "izugarria" izan da Valentziako Erkidegoan, AEMETen arabera, eta astearteko datuek 1996ko tanta hotzaren erregistroekin hautsi dutela ziurtatu du. Jucar ibaiko Konfederazio Hidrografikoaren estazio automatikoaren datuen arabera, 22:00ak aldera 445,4 l/m2 erregistratu ziren Chivan (Valentzia). Okerrena arratsaldean hasi zen, Albaceteko probintzian. Leturreko biztanleak izan ziren ondorioak jasan zituzten lehenak.
Uholdeek zubiak ere eraman dituzte, eta pertsona asko isolatuta geratu dira, eta estaldura eta elektrizitate faltari aurre egin behar izan diote. Blokeatutako errepideez gain, tren zerbitzua ere bertan behera geratu da. Besteak beste, Madril eta Valentzia arteko linea ez da martxan egongo, trenbidean izandako kalteak konpondu arte.
Asteazken goizetik aurrera, erreskate taldeak gai izan dira hildakoen kopurua zehazteko eta identifikatzeko. Larrialdi-zerbitzuek desagertuen bila jarraitzen dute, militarren laguntzarekin.
Espainiako Gobernuak hiru dolu-egun ezarri ditu Valentziako Erkidegoko eta Gaztela-Mantxako biktimen omenez, eta kaltetutako tokiak hondamendi eremu izendatuko ditu.
Gaur, asteazkena, Andaluzia mendebaldean eta Katalunian dago jarrita arreta. AEMETek alarma gorria aktibatu du Jerez inguruan, Cadizen.