Gizartea
OSASUN ITUNA
Osakidetzaren egoerari buruzko diagnostikoa adostu du Osasun Itunaren aldeko Mahaiak
AGENTZIAK | EITB Media
Mahaian ordezkaritza duten eragile guztiek babestu dute txostena, ESK sindikatuak izan ezik. Are gehiago, aipaturiko sindikatuak foro horretan parte hartzeari utziko dio.
-
Euskadiko Osasun Itunaren aldeko Mahaiaren hirugarren bilera. Argazkia: EFE
Euskadiko Osasun Itunaren aldeko Mahaiak Osakidetzaren egoerari buruzko diagnostikoa onartu du gaurko bileran, euskal osasun sistema hobetzeko ahaleginean.
Osasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, Mahaian ordezkaritza duten eragile guztiek —osasungintza sektoreko eragile politiko, sindikal, profesional eta sozialek— babestu dute txostena gaur Gasteizen egin den bileran, ESK sindikatuak izan ezik.
Are gehiago, ESK sindikatua bileratik atera da eta aurrerantzean ez du foro horretan parte hartuko. Sindikatuaren arabera, diagnostikoak "ez du sakoneko akatsik onartzen" eta, ondorioz, uste du oinarri horrekin ezin direla Osakidetza "itotzen" duten arazoak konpondu.
Diagnosi fasea itxita, euskal osasun sistemaren egoera hobetzeko neurri zehatzak adosten saiatuko dira.
EH Bilduk dokumentua babestu du, lehen zirriborroarekin kritiko agertu bazen ere. CCOO sindikatuak, berriz, baiezko kritikoa eman dio dokumentuari.
Osasun Itunaren aldeko Mahaiaren hurrengo bilera abenduaren 4an egingo da.