Gizartea
euri denboralea
SOS Deiak zerbitzuak Valentzian "artatu ezineko" hainbat larrialdi-dei jaso ditu gauean zehar
EITB MEDIA
Hala baieztatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta Valentzian azken orduetan bizitzen ari direna "1983an Bilbon" bizitakoarekin parekatu du.
-
Valentzian, euri jasek hartutako zonalde bat. Irudia: EFE
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak asteazken honetan adierazi duenez, bart gauean Valentziako Erkidegoan "artatu ezineko" deiak jaso dituzte Euskadiko 112 telefonoaren larrialdi zerbitzuan, goi geruzetako depresio isolatuak eragindako hondamendia dela eta. Halaber, adierazi du Euskadik laguntza eskaini duela, baina aitortu du ez dela erraza izango laguntza hori bidaltzea hildakoen eta desagertuen kopuru zehatza ezagutu arte.
Bereziki Espainia ekialdea astindu duen goi-geruzetako depresio isolatuak hondamendia eta hainbat biktima utzi ditu. Valentzian 51 pertsona hil direla baieztatu du Generalitateak, baina ez dute baztertu hurrengo orduetan hildakoen kopuruak gora egitea.
Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, Zupiriak adierazi du Valentzian "1983an Bilbon bizi izan genuena" gertatzen ari dela, urte horretako abuztuan Bizkaiko hiriburuan eta lurraldeko beste leku batzuetan izandako uholdeei erreferentzia eginez.
Hala, azaldu du, 17 bat dei jaso dituztela, gutxi gorabehera, batzuk Valentziatik zuzenean egindakoak, eta beste batzuk Euskadin bizi diren eta senideak han dituzten pertsonenak.
Era berean, Segurtasun sailburuak adierazi duenez, Imanol Pradales lehendakaria Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearekin harremanetan jartzen saiatu da bart, nahiz eta aitortu duen "ez dela erraza izan, komunikazioa zailak izan delako".
Zupiriak adierazi du lehendakariak Jaurlaritzaren laguntza eskaini diola Mazoni, baina laguntza hori bidaltzeko hildakoen eta desagertuen kopuru zehatza jakin beharko dela.
Imanol Pradales lehendakariak, bere aldetik, X sare sozialean elkartasuna eta babesa erakutsi die kaltetutako pertsona guztiei eta, oro har, goi-geruzetako depresio isolatuak gogor astindu duen eremuetako bizilagunei.
¿¿ Toda la solidaridad y el apoyo de #Euskadi para las personas y zonas afectadas por la devastadora #DANA en el Estado. Nos duele profundamente la pérdida de vidas y los graves destrozos que ha dejado a su paso.
— Imanol Pradales (@Imanol_Pradales) October 30, 2024
¿ En estos momentos tan difíciles, Euskadi pone a su disposición…