Itxi

Gizartea

OSASUN ITUNA

Diagnosi fasea itxita utzi nahi dute gaur, Osasun Mahaiaren hirugarren bileran

EITB MEDIA

10:00etan elkartuko dira mahaia osatzen duten eragileak, Gasteizko Europa Jauregian.

  • Bigarren bileraren irudia. Argazkia: EITB Media

    Bigarren bileraren irudia. Argazkia: EITB Media

Osasun Itunaren aldeko Mahaiak hirugarren bilera egingo du gaur Gasteizen, euskal osasun sistema publiko proaktiboagoa eta prebentiboagoa lortzeko estrategiak definitzen saiatzeko asmoz. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, Donostian urriaren 9an egin zen bigarren bileran euskal osasun sistemaren diagnosiaren inguruko eztabaidan "adostasun orokorra" izan zen.

Azken asteetan, osasungintza sektoreko eragile politiko, sindikal, profesional eta sozialak biltzen dituen mahaiko partaideek Javier Meanak aurkeztutako dokumentua eztabaidatu dute eta ekarpenak egin dituzte. EHUko Farmakologiako katedraduna koordinazio lanak egiten ari da mahaian. Osasun sailburuak aurreikusi du gaurko bileran prozesuaren bigarren faserako, printzipioen faserako, "aurrera egin" ahal izango dela.

Iragan irailaren 5ean hasi ziren Osasun arloko Ituna osatzeko bilerak, Osakidetza eraldatzeko eta euskal osasun sistemaren bikaintasuna lortzeko helburuarekin, Imanol Pradales lehendakariak azaldu zuenez.