Gizartea
EHU
Medikuntzako euskarazko graduan 40 plaza gehiago egotea adostu dute EHUk eta Eusko Jaurlaritzak
EITB MEDIA
Gaur egun, EHUn 368 plaza dago Medikuntzako Graduan, 200 gaztelaniaz eta 168 euskaraz.
-
Alberto Martinez, gaur, EHUn. Argazkia: Irekia
Datorren ikasturtean (2025/2026) Medikuntzako Graduko plaza kopurua zabaltzea adostu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU): zehazki, euskarazko adarrean 40 plaza gehituko dira. Bi erakundeotako arduradunen hitzetan, helburua da "osasun-sistema indartzea". Halaber, euskarazko eskaintza zabalduta, "bi hizkuntzen arteko oreka" lortu nahi da.
Alberto Martinez Osasun sailburuak EHUren Leioako unibertsitate-campusa bisitatu du gaur, kargua hartu zuenetik lehen aldiz. Han, Eva Ferreira EHUko errektorearekin eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ordezkariekin bildu da, aurrera begirako erronkak lantzeko, eta ondoren, ikasle talde batekin partekatu ditu zenbait gogoeta.
Lankidetzarako "konpromiso sendoa" agertu dute Ferreirak eta Martinezek, "lehentasunezkotzat jo dituzten erronkei ahalik eta erantzun onena emateko". "Ezin dugu ahaztu Medikuntza eta Erizaintza Fakultate hau dela gure osasun-sistemaren harrobia, eta, beraz, gakoa euskal herritarrei osasun-arreta ematen dietenen bikaintasun profesionala eta humanoa bermatzeko", esan du Osasun sailburuak.
Adostu dituztenen artean, Medikuntzako Graduko euskarazko adarrean 40 plaza gehitzea da, datorren ikasturtetik aurrera. Jakinarazi dutenez, bi erakundeak "lanean ari dira plaza berri horiek sartzeko". "Modu horretan, EHUren eskaintzan Medikuntzako 400 plaza izateko helburua lortuko litzateke, betiere behar adina baliabide izanez gero, eta bi hizkuntzen arteko oreka lortuz. Gaur egun, 200 plaza dira gaztelaniaz eta 168 euskaraz", erantsi dute.