Itxi

Gizartea

Ospakizunak

Ertzaintzak diskoteketan egingo diren Halloween jaiak kontrolatzeko dispositibo bat jarri du martxan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Adingabeen presentzia, edukierak eta ixteko ordutegiak betetzen diren zainduko dute, segurtasuna zaintzeko helburuarekin.

  • Ertzaintza, segurtasun dispositibo batean

    Ertzaintza, segurtasun dispositibo batean.

Ertzaintzak ikuskaritza eta kontrol dispositibo berezia jarriko du martxan aste honetan Halloween jaiak ospatuko dituzten diskoteketan, 700 lagunetik gorako edukiera dutenetan, funtzionamenduan edo dekorazioan aldaketak izan ote diren egiaztatzeko. Gainera, urriaren 31ko gauean, adingabeen presentzia, edukiera edo ixteko ordutegiak betetzea zainduko du.

Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, herritarrak kontzientziatzeko aisialdi-guneetako edukiera-mugak errespetatzeak duen garrantziaz, "bereziki, Halloween, Gabon eta Urtezahar gauetako ospakizun handiak hurbiltzen ari diren honetan".

Urriaren 31ko gauerako aurreikusita dauden jaietara joaten direnen segurtasuna zaintzea du helburu operatiboak. Batik bat, Ertzaintzako agenteek funtzionamenduan aldaketarik egin den edo araudia betetzen ez duen dekorazioren bat jarri den zainduko dute.

Era berean, ebakuazio-bideak "ondo eta behar bezala seinaleztatuta" daudela egiaztatuko dute, baita suteen aurkako babes-baliabideak ondo eta toki egokietan dauden, eta behar bezala seinaleztatuta dauden. Saldutako sarrera-kopurua eta ekitaldira joateko aurreikuspena kontuan izango dute, bai eta sarbidea eta edukiera kontrolatzeko izango dituzten baliabideak ere.