Itxi

Gizartea

EPAIA

Kabiaren inguruko azken sententzia "euskarafoboa" salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostian

EITB MEDIA

ELA, LAB eta Kontseiluak protesta deitu dute gaurko, joan den astean Donostiako Auzitegiak Kabia erakundeak Gipuzkoako hainbat adinekoen egoitzatan 54 lanpostu egonkortzeko egindako lan-eskaintza publikoa atzera bota ondotik, euskara eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela argudiatuta.

0:43

ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Donostian, Gipuzkoan egoitzetako zaintzaileen 54 plazaren deialdia baliogabetu duen epaiaren aurrean "haserrea" adierazteko eta "azken sententzia euskarafoboa" salatzeko.

Joan den astean, Donostiako Administrazioarekiko Auzitegiak atzera bota zuen Kabia erakundeak Gipuzkoako hainbat adinekoen egoitzatan 54 lanpostu egonkortzeko egindako lan-eskaintza publikoa, euskara eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea zela argudiatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakundea da Kabia eta adineko pertsonentzako hamasei egoitza eta eguneko zentro kudeatzen ditu lurralde osoan.

Ebazpen judizial horren berri izan ondotik, ELA sindikatuak "euskarofobotzat" jo zuen epaia, eta LABekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera elkarretaratzea deitu zuen gaurko.

Deitzaileek protesta isila egin dute Foru Jauregiaren aurrean, eta 150 pertsona inguru bildu dira bertan, "Euskaldunon hizkuntza eskubidea bermatzeko bidea orain" leloa zeraman pankarta baten atzean.

ELAko bozeramaile Txomin Lasak "oso larritzat" jo du, eta gogorarazi du "langileen hizkuntza eskubideez gain", "euskaraz artatuak izateko eskubidea" urratzen zaiela egoiliarrei erabaki horrekin. Testuinguru horretan, Diputazioari eta Kabiari berari eskatu die sententzia horren aurrean helegitea aurkez dezaten.

Horrez gain, dei egin du arratsaldean eta bihar, asteartea, Tolosan, Bergaran eta Irunen epaiaren aurka egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.