Gizartea
Donostia
Arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako aldarriak ozen entzun dira Donostian, martxa jendetsu batean
EITB Media
'Elkartasunari debekurik ez' lelopean, martxa 18:00etan abiatu da Blas de Otero plazatik. Kaleko Afari Solidarioak (KAS) elkarteak ematen dituen eta "segurtasun arraoizengatik" debekatu dizkieten afari solidarioak banatzen zituen tokitik gertu hasi da manifestazioa.
Jendetza bildu da gaur arratsaldean Donostian, Donostialdeko diskurtso arrazista eta faxisten gorakadaren aurka eta sektore pobretuenen eta arrazializatuen kriminalizazioaren aurka 50 elkartek baino gehiagok deitutako protestan.
'Elkartasunari debekurik ez' lelopean, manifestazioa 18:00etan abiatu da Blas de Otero plazatik. Inguru hartan ematen zituzten, Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotziak ostegunean azaldu zuenez, "segurtasun arrazoiengatik" debekatutako afariak.
'Elkartasunari debekurik ez' lelodun pankartaren atzean, ehunka lagunek hiriko kaleak zeharkatu dituzte, 'Atzerritarren Legeak egunero hiltzen du jendea' eta 'Erasoen aurrean autodefentsa' oihukatuz.
Ximon Aranburu deitzaileen bozeramaileak komunikabideei adierazi dienez, "Donostialdean faxismoa eta arrazakeria izaten ari diren gorakadari eta gizarteko sektore pobretuenen eta jende arrazializatuen kriminalizazioari" erantzuten die martxak.
Bere ustez, jarrera hori "segurtasunaren eta delinkuentziaren izenean gauzatzen da, eta horri aurre egin behar zaio".
Aranburuk adierazi duenez, Donostiako Udala "ideia erreakzionario horiek indartzen ari den agentea da eta, neurri batean, afari horiek ez egitearen erruduna".
'Lo que no te cuentan de Donosti' plataformak deitua du astelehenerako, joan den astelehenean istiluak izan ziren leku berean, segurtasun gehiago eskatzeko protesta. Horren inguruan Aranburuk adierazi du "problematikoa" dela "gero eta jende gehiago kalera ateratzea diskurtso erreakzionario eta faxistekin".
"Onartezina iruditzen zaigu gehien behar duenari janaria banatzen dioten boluntarioen bidez egiten den elkartasun ekintza bat jende erreakzionarioaren jomugan egotea", salatu du.