Gizartea
Trafikoa
Beran Guardia Zibilaren kontrol batetik ihes egin eta istripu bat eragin duen gizon bat, ikerketapean
Agentziak | EITB Media
Igande honetan, 08:25 aldera, Guardia Zibileko agenteak alkohol eta droga kontrola egiten ari zirenean, gelditzeko agindu diote auto bati. Gidaiak, baina, aginduei jaramonik egin gabe, ihes egin du. Azkenean, Igantzin harrapatu dute.
Nafarroako Guardia Zibilak ikerketapean du 22 urteko gizon bat, ausarkeriaz gidatzea eta gidabaimeneko puntu guztiak galduta zituela ibilgailu bat gidatzea egotzita, Berako trafiko-kontrol batetik ihes egin eta zauriturik gabeko istripu bat eragin ostean.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, igande honetan, 08:25 aldera, Trafiko Taldeko agenteak Beran, N-121-A errepideko 65,3 kilometroan, alkohol eta droga kontrola egiten ari zirenean, gelditzeko agindua eman diote auto bati.
Gidariak, baina, ez die jaramonik egin agenteen jarraibideei, eta ihesari eman dio, agenteak eta bideko gainerako erabiltzaileak arriskuan jarriz.
Ibilgailuak abiadura handian jarraitu du. Ihesaldian, 68 kilometroan, erreitik atera da bihurgune batean, eta arin jo du, alboz, kontrako noranzkoan zihoan ibilgailu bat. Auto horretako gidaria onik atera da.
Istripua izan ondoren ere, ihesi jarraitu du, eta Gipuzkoan sartu da. Azkenean, patruilak Igantzin (Gipuzkoa) aurkitu du, ihesi abiatu den puntutik lau kilometrora.
Gertakari horiek direla eta, Nafarroako Guardia Zibilaren Trafiko Unitateko agenteek ikerketapean dute autoaren gidaria, Gipuzkoako 22 urteko gizon bat, eta eginbideak bideratu dituzte, ausarkeriaz gidatzea eta gidabaimeneko puntu guztiak galduta zituela ibilgailu bat gidatzea leporatuta.