Gizartea
Gernika
Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokak 241 postu izango ditu aurten
EITB Media
Artisautzako produktuak saltzeko 54 postu jarriko dituzte, gainerakoetan baratzeko produktuak salduko dituzte, eta, besteak beste, Artekale kalean eta Pasealekuan egongo dira.
-
Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azoka. EFE.
Euskal Herriko merkatu garrantzitsuenetakoa den Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokak 241 nekazaritza eta artisau postu izango ditu aurten.
Ekitaldi hau aurkezteko prentsaurrekoan, Jose María Gorroño alkateak astelehenean Gernikara joatera animatu ditu herritarrak, "euskal baratzearen erakusleiho onenaz gozatzeko".
Artisautzako produktuak saltzeko 54 postu jarriko dituzte, eta gainerakoetan baratzeko produktuak salduko dituzte. Azken horien artean, gazta saltzen dutenak izango dira ugarienak (36), ogia saltzekoak 20 izango dira, eta beste hainbestetan salduko dute euskal pastela.
Eztia, txakolina, barazkiak, kontserbak, makineria, patea, erroskilak, sagardoa eta landareak ere izango dira.
Artekale kalean eta Pasealekuan egongo dira postu gehienak, baina beste kale batzuetan ere egongo da zer ikusi eta zerekin gozatu.
Alkateak azaldu duenez, egun horretarako larrialdietarako protokoloa garatu dute, eta horren arabera 70 pertsona baino gehiago arituko dira bertan lanean, tartean boluntarioak, suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak eta udal langileak.
Urtero legez, barazkiak, landareak, fruta, txakolina, eztia eta gazta saltzen dituzten posturik onenak sarituko dituen lehiaketa egingo da.
Eguerdian, Sebastian Lizasok, Andoni Egañak eta Onintza Enbeitak bertsotan alaituko dute azoka.
Era berean, 18:00etan hasita, Gernika Jai Alai Winter Series txapelketako bi partida jokatuko dira; Goitia eta Del Rio Urrezti eta Gorkaren aurka arituko dira, eta Erkiaga eta Ibarluzea, berriz, Johan eta Lekerikaren aurka.
Antolatzaileek azaldu dutenez, San Juan kalea (Artekaletik Don Telloraino), Artekale, Juan Calzada (Saraspe plazaraino) eta Adolfo Urioste kaleak itxi egingo dituzte autoentzat, eta trafikoa San Juanetik eta anbulatorioko igoeratik bideratuko dute.
Alkateak Gernikara garraio publikoan joateko eskatu die bisitariei. Udalak, dena den, aparkaleku bereziak jarriko ditu eta behar bezala seinaleztatuta egongo direla azaldu du Gorroñok.
Euskotrenek bere ohiko tren zerbitzua indartuko du urriaren 28an Gernikako Azken Astelehena dela eta. Bidaiak errazteko asmoz, egun osoan zehar tren bereziak ibiliko dira Matiko eta Gernika artean, eta zerbitzua areagotuko du jende gehien espero den orduetan.
Leire Zarate BBK-ko Ingurumen eta Iraunkortasun arloko arduradunak harro esan du berak ordezkatzen duen erakundea azoka honekin lankidetzan aritzen dela "tradizioari lotutako ekimenak bizirik mantentzen, gure etorkizuna iraunkortasun irizpideekin eraikitzen eta mantentzen laguntzen duelako".