Itxi

Gizartea

Errejonen dimisioa

Iglesiasek, Errejoni indarkeria matxista leporatu diotela eta: "Duela urtebete hitz egiten zen honi buruz"

Agentziak | EITB Media

Podemoseko idazkari nagusi izandakoak jakinarazi du sare sozialetan Errejonen kontrako salaketa bat ibili zela bolo-bolo. Deitoratu duenez, "biktima askok ez zuten topatu salatzeko espazio segururik". Sanchez ere izan du jomugan, izan ere, "gehiago gogoratu da Sumarrekin biktimekin baino".

  • Iglesias, artxiboko argazki batean.

    Iglesias, artxiboko argazki batean. EFE

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusi ohia ez da harritu hainbat emakumek Iñigo Errejoni indarkeria matxista leporatu diotela eta; izan ere, "duela urtebete hitz egiten zen honi buruz".

Auzia lehertu den egun berean TVEn izan da Iglesias. Politologoaren hitzetan, sare sozialetan eta Madrilgo kazetarien artean bolo-bolo ibili zen "Castellon Errejonen partetik sexu erasoa jasan zuen neska baten kasua". Dena dela, deitoratu duenez, "biktima askok ez zuten salatzeko espazio segururik topatu". 

Ildo horretan, Cristina Fallaras kazetariaren ausardia goraipatu du, "herri honetan salatzeko oso zailak ziren gauzak salatzeko emakumeentzako espazio seguru bat irekitzeagatik". 

"Ez dut iritzi pertsonal eta politiko onik Errejoni buruz, eta bost urte baino gehiago dira ez dudala berarekin hitz egiten, baina laguna izan nuen eta ez naiz poztu izan duen zorigaiztoko amaiera honekin", aitortu du. 

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontrako hitzak ere izan ditu Iglesiasek. Horren ustez, "gehiago gogoratu da Sumar bazkidearekin biktimekin baino". 

"Berdintasun Ministerioa ulertzen ez zuten berrogeitaka urte dituzten lagunei gutxiago entzun beharko lieke. Izan ere, ministerio hark bultzatutako "Bai bakarrik da bai" legeari esker, gaur egun edozein emakume izan daiteke biktima, epai baten beharrik gabe", erantsi du.