Itxi

Gizartea

Saretzen

EAEko etxe arruntaren ezaugarriak: 40 urte baino gehiagokoa eta 85 metro koadrotik gorakoa

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

EAEn milioi bat etxebizitza baino gehiago zeuden 2023an. Orokorrean, handienak Araban daude; izan ere, eskualde askotan 100 m2-tik gorako etxeak dituzte, batez beste. Txikienak, berriz, Gipuzkoan, baina bertako Bidania-Goiatzeko etxeek batezbestekoa hausten dute: 203,3 m2.

  • Argazkia: EITB MEDIA

    Argazkia: EITB MEDIA

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza arrunt batek 40 urte eta 85 metro koadro baino gehiago ditu, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko etxebizitza-parkearen azterketak dakartzan datuen arabera.

Erkidegoko parketa milioi bat etxebizitza baino gehiagokoa zen 2023an. Gehienak Bizkaian daude (560.000), ondoren Gipuzkoa dator (351.000) eta etxe gutxien Araban daude (169.000).

Parkea % 5,2 hazi da azken hamarkadan (2013-2023) eta, guztira, ia 54 milioi etxebizitza eraiki dira. Parke osoaren % 80 etxebizitza nagusiei dagokie. Gainerakoak, bigarren etxebizitzak dira, itxita, salgai edo alokatzeko daude.

Nolako etxebizitzak ditugu EAEn?

Etxebizitzen antzinatasuna da ezaugarri nagusia: 40 urteko etxeak dira, batez beste. Etxebizitzarik zaharrenak Araban daude; hain zuzen ere, Añanako bailara eta Arabako Errioxa dira antzinatasun handienekoak, 65,9 eta 60,8 urte, hurrenez hurren. Bizkaian, Enkarterrietan, Gernika-Bermeon eta Lea-Artibain daude etxe zaharrenak; Gipuzkoan, berriz, Debabarrenan, Donostialdean eta Tolosaldean. Kasu horietan guztietan, batez bestekoa 50 urtetik gorakoa da.

Parkerik berriena, ostera, Plentzia-Mungian (41,5 urte) eta Urola Kostan (44,2 urte) dago.

Herriei banaka begiratuta, etxerik zaharrenak Guardian daude, (96,7 urte) eta, berrienak, aldiz, Ziortza-Bolibarren (23,7 urte).

Azalerari dagokionean, EAEko etxeak, batez beste,85-90 metro koadrokoak (m2) dira, nahiz eta landa ingurunetik hiri ingurunera aldeak nabarmenak diren.  

Landa guneetan dauden eskualdeetan bataz bestekoa igo egiten da, nagusiki etxe isolatuak izan ohi direlako. Hala, hainbat eskualde dira 100 m2-ko azalera gainditzen dutenak, hala nola Añana, Arabako Mendialdea, Arabako Errioxa, Gorbeialdea, Arratia-Nerbioi, Gernika-Bermeo eta Plentzia-Mungia.

Gipuzkoan, ordea, datuak baxuagoak dira eskualde guztietan. Etxe handienak dituztenak Tolosaldean eta Urola Kostan daude baina 100 m2-ra iritsi gabe. Gipuzkoan bertan, deigarria da Bidania-Goiatzen kasua, EAEko etxe handienak bertan baitaude (203,3 m2).

Igogailua izatea ere garrantzitsua izan ohi da etxebizitza baten balioa areagotzeko. Gipuzkoan eta Bizkaian daude igogailuak dituzten etxebizitza gehien. Landa eremuko eskualdeetan azpiegitura horren presentzia txikiagoa izan ohi da, orobat, etxebizitza asko isolatuak direlako.

Hiri-inguruneei begiratuta, Arabako Lautadan, etxebizitzen % 85ek dute igogailua; Bilbo Handian eta Donostialdean, % 76,4k eta % 77,9k, hurrenez hurren.

Igogailuen kasuan bezalaxe, eskualde landatarretan etxebizitzak dentsitate baxuagokoak dira, eta, hiriguneetan, bloke handiagoak. Deigarriak dira Bakio, Eibar eta Ermua, batez beste, 20 etxebizitzatik gorako eraikinak dituzten udalerriak baitira.