Itxi

Gizartea

EKOBAROMETROA

EAEko herritarren % 72k uste dute erosotasunei uko egin behar zaiela klima aldaketaren aurka egiteko

EITB MEDIA

Klima eta Energiaren Ekobarometroaren arabera, inkestatuen % 58 ados daude inguruan energia berriztagarriko parke bat izatearekin. Halaber, lau herritarretik hiru kezkatuta daude klima aldaketarekin.

  • Lehortea, klima aldaketari lotutako ondorioetako bat

    Lehortea, klima aldaketari lotutako ondorioetako bat. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 72k uste dute klima aldaketaren aurka borrokatzeko gaur egungo erosotasunei uko egin behar dietela "guztiek", eta inkestatuen % 58 ados daude inguruan energia berriztagarriko parke bat izatearekin, gaur kaleratutako Klima eta Energiaren Ekobarometroaren arabera.

Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Klima eta Energiaren Ekobarometroaren (biztanleek trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruz duten hautematea ezagutzeko azterlana) azken emaitzak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua den Mikel Jauregik.

Jauregi sailburuak emandako datuen arabera, EAEn ekoizten den energiaren % 8 besterik ez da berriztagarria, eta horrexegatik uste du badela garaia herri gisa "jauzi kualitatibo" bat emateko eta parke eoliko berriak eraikitzeko.

"Herritarrek izugarrizko kontzientzia daukate, une historiko bati aurre egin ahal izateko. Eta gehiengoaren babes hori aprobetxatu beharra dago jauzi kualitatiboa eman eta energia berriztagarrien proiektu berriak hedatzeko", gaineratu du sailburuak. Edozein kasutan, ohartarazi du ezinezkoa dela industria elikatzea teilatuetan jarritako eguzki panelak jarrita. 

Ekobarometroaren beste ondorioetako bat da EAEko lau herritarretatik hiru (% 76) kezkatuta daudela klima aldaketarekin, "beste herrialde batzuetan gora egiten ari den negazionismoaren aurrean".

Euskal Autonomia Erkidegoan klima aldaketak eragingo dituen ondorioen inguruan galdetuta, bero boladak (dezente edo asko % 86rentzat), itsas mailaren igoera (% 82rentzat) eta uholdeen maiztasunaren igoera (% 78rentzat) erantzun dute.

Azkenik, EAEn bultzatu beharko liratekeen energia moten artean eguzki energia (8,1), itsas energia (7,9), haize energia (7,7), geotermia (7,5), biomasa (6,5), hidrogenoa (6,4) eta gas naturala (5,5) aipatu dituzte. Aitzitik, petrolioaren deribatuak eta indar nuklearra lirateke gutxien bultzatu beharko liratekeenak (3,9 eta 2,6).