Itxi

Gizartea

Egia auzoa

Tentsioa Kaleko Afari Solidarioen aurka baimenik eskatu gabe egindako protesta batean

EITB Media

PPko hiru zinegotzik ere parte hartu zuten elkarretaratzean, astelehenean. Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak afariak ematen dizkie baliabiderik ez duten edo kalean dauden pertsonei, horietako batzuk migratutakoak. Donostiako Udalak afari banaketa debekatzeko erabakia hartu du gaur.

  • Kaleko Afari Solidarioen kontrako protesta astelehenean, Donostiako Egia auzoan. Irudia: EITB

    Kaleko Afari Solidarioen kontrako protesta astelehenean, Donostiako Egia auzoan. Irudia: EITB

Ertzaintzak sei pertsona identifikatu zituen, Kaleko Afari Solidarioak ekimen solidarioaren aurka Donostian baimenik eskatu gabe egin zen elkarretaratzean, astelehenean. Hasiera batean, "segurtasun handiagoa" eta "delinkuentzia murriztea" eskatzeko deitu zuten protesta, sare sozialen bidez, eta PPko hiru zinegotzik ere parte hartu zuten.

Elkarretaratzea 20:00etan hasi zen, Iztueta kalearen inguruan. Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak afariak ematen dizkie baliabiderik ez duten edo kalean dauden pertsonei, horietako batzuk migratzaileak. Otorduak Kalkutako Teresa plazan dagoen Justizia Jauregitik oso gertu ematen dituzte.

Kaleko Afari Solidarioak: "Guk ez genuen kontra egiteko elkarretaratzerik deitu"

Kolektibo solidarioko iturriek azaldu dutenez, protesta deialdiaren berri izandakoan, ordu erdi aurreratu zuten afarien banaketa, 19:30era (20:00etan egin ohi dute), hura "bermatzeko" eta "edozein istilu saihesteko".

"Konfrontazioa ez da gure egiteko modua, eta hala egin genuen", zehaztu dute iturri horiek, eta argitu dute Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak ez zuela "kontra egiteko elkarretaratzerik" deitu, eta boluntarioek alde egin zutela "afariak banatu ondoren", une hartan "inolako gatazkarik" sortu gabe.

Nolanahi ere, protestarako aukeratutako lekua Iztueta kalean izan zela nabarmendu dute, afari solidarioak banatzen dituzten tokiaren "ondoan", hain zuzen ere.

Dagoeneko Udalak afari banaketa debekatzeko erabakia hartu du, eta hala jakinarazi die Egiako kideei udaltzaingoaren bidez, ahoz egindako notifikazio batean. Udalak "segurtasun arazorik" egon ez dadin debekatu ditu afariak.

Sare Antifaxistak eta Kontseilu Sozialistak berehala salatu dute Udalaren erabakia sare sozialetan. "Elkartasuna ezin da debekatu!", adierazi du lehenengoak, eta "faxismoaren eta arrazakeriaren hedatzearen aurrean antolatu! Kaleko Afari Solidarioekin elkartasun osoa!" bigarrenak.

"Zein alternatiba emango die Udalak ekimen honi esker kale egoeran dauden eta egunean otordu bero bakarra hartzeko aukera duten 200 herritarrei?", galdetu du EH Bilduk X sare sozialean.

0:45

Zigor administratiboak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, baimenik gabeko elkarretaratzean identifikatutako sei pertsonei Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik zigor administratiboak jarriko dizkiete.

Zehazki, horietako lau desordena publikoengatik zigortuko dituzte, eta bi "poliziaren lana oztopatzeagatik". Aipatu iturrien arabera, Ertzaintza bertaratu zen, sare sozialen bidez Segurtasun Sailari jakinarazi ez zitzaion elkarretaratze hori antolatu zela jakin ondoren.

Instagrameko profil baten bidez egin zen deialdia, herritarrei "elkarretaratze baketsu" batean parte hartzeko deia eginez, eta protesta "astelehenero" errepikatzeko eskatuz.

PPk protestara joan zela baieztatu du

Bestalde, Jorge Mota PPko zinegotziak baieztatu du bera eta Borja Corominas eta Vanesa Velez alderdikideak elkarretaratzean izan zirela.

Zinegotziak "duela urte batzuk" egiten ziren "kontra-elkarretaratzeekin" alderatu du gertatutakoa, ETAren aurka protesta egiteko Bakearen usoan edo Artzain Onaren plazan biltzen zirenean, beste batzuek bakezaleen ekintzak "lehertzeko" asmoz egiten zituztenak.

Motak zehaztu duenez, ika-mikak hasi zirenean, Ertzaintza iritsi zen, eta ertzainek "hesi-lana" egin zuten taldeen artean. Hala ere, besteen "irainek jarraitu zuten", eta "liskarren bat" gertatu zen.

Zinegotziaren hitzetan, une jakin batean Ertzaintzako agintari batek esan zio "bi elkarretaratzeak legez kanpokoak zirela, ez zeudelako baimenduta".

Azaldu duenez, PPko hiru zinegotziek ez zuten horren berri, eta Poliziak tokia husteko bost minutuko tartea eman zuenean, guztiak "lasai" alde egin zuten, ez baitzuten "legez kanpoko protesta batean" parte hartu nahi.