Itxi

Gizartea

EPAIA

Kabiaren egoitzetan 54 lanpostu egonkortzeko lan-eskaintza baliogabe utzi dute, euskara eskakizunagatik

EITB MEDIA

Gipuzkoako Aldundiaren menpeko erakundeak euskarazko B1 eta B2 maila eskatu zituen adinekoen hainbat egoitzatan lan egiteko. Eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela iritzi dio epaileak. Gipuzkoako Aldundiak helegitea aurkeztuko du.

  • Donostiako Auzitegia, artxiboko irudi batean.

    Donostiako Auzitegia, artxiboko irudi batean.

Donostiako Administrazio Auzitegiak atzera bota du Kabia erakundeak Gipuzkoako hainbat adinekoen egoitzatan 54 lanpostu egonkortzeko egindako lan-eskaintza publikoa, euskara eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela argudiatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakundea da Kabia eta adineko pertsonentzako hamasei egoitza eta eguneko zentro kudeatzen ditu lurralde osoan.

Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosako adinekoen egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza da Gipuzkoako Auzitegiak bertan behera utzi duena. Zehazki, 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 mailak eskatzeagatik utzi du epaileak deialdia baliogabe, hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela iritzita.

Euskara eskakizuna betetzen ez zutelako hautaketa prozesutik kanpo gelditu zen langile talde batek jarri zuen helegitea, hizkuntza eskakizuna baliogabetzeko eskatuz, eta epaileak arrazoia eman die, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren beste epai bat oinarri hartuta.

Ebazpenean, epaileak dio hizkuntza eskakizunak euskararen ezagutzarekiko proportzionala izan behar duela, eta kasu honetan, irizpide hori urratu dela.

Gipuzkoako Foru Aldundia epaia aztertzen ari da, eta Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, helegitea aurkeztuko du epaiaren kontra.