Itxi

Gizartea

SENTENTZIA

Klinika pribatu bateko tratamenduaren gastuak ordaindu beharko dizkio Osakidetzak minbizia duen emakume bati

EITB MEDIA

Osasun sistema publikoak ordaintzen ez zuen tratamendu bat jaso zuen emakumeak IMQ ospitale pribatuan, bularreko minbiziari aurre egiteko.

  • Onkologikoa zentroa, Donostian. Artxiboko irudia.

    Onkologikoa zentroa, Donostian. Artxiboko irudia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki du Osakidetzak ordaindu egin behar dizkiola emakume bati klinika pribatu batean bularreko minbiziari aurre egiteko jasotako tratamenduak eragindako gastuak: orotara, 55.938,76 euro. Osasun sistema publikoan diagnostikoa jaso ondoren, bigarren eta hirugarren iritzia ezagutzera jo zuen emakumeak bi ospitale pribatutara, eta ondoren erabaki zuen horietako batean jasotzea tratamendua.

2019an atzeman zioten bularreko minbizia, eta 2020an mastektomia bat egin zioten Osakidetzan. Ondorengo tratamendurako, trastuzumab eta pertuzumab-trastuzumab sendagaiak jarri zizkioten. 

Orduan, bigarren eta hirugarren iritzi bat jakiteko, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eta IMQ klinikara jo zuen emakumeak. Bietan esan zioten, epaiaren arabera,  trastuzumab emtansina sendagaia hartzea zela egokiena. Artean, Osakidetzak finantzatzen ez zuen produktua zen hori. Batekoak eta bestekoak entzunda, tratamendua IMQn jasotzea erabaki zuen. 2020an hasi eta 2021eko apirilean amaitu zuen. 55.938,75 euro ordaindu zituen.

Handik hilabetera, 2021eko maiatzean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak erabaki zuen trastuzumab emtansina sendagaia osasun publikoan sartzea, eta hortik aurrera hasi zen Osakidetza finantzatzen. Auzitegiak nabarmendu du Espainiako Onkologia Elkarteak 2014tik esanda zuela trastuzumab emtansinak onurak zituela, beste sendagai batzuen aurrean.

2023an eskatu zion emakumeak Osakidetzari gastuak ordaintzea, baina Osakidetzak ezezkoa eman zion. Bilboko Lan Arloko Epaitegira jo zuen, eta horrek ebatzi zuen Osakidetzak gastuak ordaindu behar zituela. Helegitea jarri zuen Osasun Sailak, eta, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du erabakia.