Gizartea
gizakien salerosketa
Neskei futbolari gisa lana agindu eta Portugaleteko tabernetan esplotatzen zituzten bikote bat atxilotu dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
La investigación se inició tras las declaraciones voluntarias de cuatro víctimas que acudieron a la Brigada de Extranjería y Fronteras de Bilbao.
Espainiako Poliziak 34 urteko gizonezko bat eta haren bikotekidea, 30 urteko emakumezko bat, atxilotu ditu. Lan-esplotaziorako, immigrazio klandestinoaren alde egiteko eta langileen eskubideen aurkako gizakien salerosketa delitua egotzi diete. Izan ere, gazte atzerritarrei futbolari profesional gisa lan egiteko promesa faltsuak eskaintzen zizkieten, baina Portugaleteko (Bizkaia) bi tabernatan lan egitera behartzen zituzten.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, ikerketa lau biktima Bilboko Atzerritarren eta Mugen Brigadaren egoitzara bertaratu zirenean hasi zen, Portugaleteko bi tabernatan lan kontraturik gabe eta duela hilabete batzuetatik euro bat bera ere ordaindu gabe lanean ari zirela salatzeko.
Euren adierazpenetan sakonduz, agenteek jakin zuten biktima horiek Venezuelatik etorri zirela Euskadira, Venezuelako jatorria zuen bikote batek Bizkaiko talde profesional batean emakumezkoen futbolean jokatzeko aukera izango zutela hitzeman zielako, hilean 1.000 euroko soldata ordainduta.
Hegazkin-txartelak erosi zizkieten, eta bidaia egiteko behar zuten dirua eman zieten, baina, behin hona iritsita, haien ardurapeko bi tabernatan jarri zituzten lanean.