Gizartea
Gernikan (Bizkaia)
Manifestazio "zaratatsua" deitu dute larunbaterako, Urdaibain Guggenheim berria eraikitzearen aurka
EITB Media
Guggenheim Urdaibai plataformak esan du proiektuak "marra gorri" guztiak zapaltzen dituela ingurumen legeriaren arloan, eta salatu du "fundazio pribatu" baten nahiak asebetetzen dituela, "gutxi batzuen mesedetan".
-
Manifestazioa Gernikan (Bizkaia). Artxiboko irudia: EITB
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak manifestazio "zaratatsua" deitu du larunbaterako, urriak 19, 18:00etan, Gernikan (Bizkaia), Urdaibain Guggenheim museoaren egoitza berria eraikitzearen aurka.
Plataformako arduradunek azaldu dutenez, protestaren bidez erakundeei eskatu nahi zaie proiektua martxan jartzea gelditzeko, eskualdearen "turistifikazioaren aldeko apustu itsua" baita.
Plataformak gaitzetsi du proiektuak "marra gorri" guztiak zapaltzen dituela ingurumen legeriari dagokionez, eta azpimarratu du "fundazio pribatu" baten nahiak asebetetzen dituela, "gutxi batzuen mesedetan".
Plataformak manifestaziora joateko deia egin die herritarrei, Guggenheim museo berria gaitzesteko. Ia 400 pertsonak eta elkartek babestu dute manifestazio deialdia. Bestalde, Gernikatik kanpoko manifestariei eskatu diete garraio publikoan hurbiltzeko.
Atxikimenduak#54:
— guggenheimurdaibaistop (@guggenurdaibai) October 14, 2024
Sara Zozaya (Artista)
SERVEOko delegatua
(Museoko mantenua)
SOS manteros elkartea
Txoriburu musika taldea
Xan Bidegain
(Willis Drummond)
Yogurinha Borova (artista) pic.twitter.com/TjsR7bFYYD
Iragan astean, Eusko Jaurlaritzako lehen sailburuorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Ibone Bengoetxeak iragarri zuen berandu baino lehen "elkarrizketa eta iritzi truke" prozesu bat abiatuko dutela Urdaibairen etorkizunaz, eta, zehazki, bertan eraiki nahi duten Guggenheim museoaren aferaz eztabaidatzeko.