Gizartea
HOMIZIDIO SAIAKERA
Kautelazko neurriekin aske utzi dute Erandion bikotekidea metroko nasatik trenbidera bota zuen gizona
Agentziak | EITB Media
Larunbatean epailearen aurretik igaro ondotik, behin-behinean aske geratu da 21 urteko gizonezkoa. Hala ere, ezingo da biktimarengana gerturatu.
Behin-behinean aske gelditu da, atzo, Erandion, bikotekidea (hori ere gizona) metroko nasatik trenbidera botatzeagatik atxilotutako 21 urteko gizona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hala ere, kautelazko neurriak ezarri dizkio epaileak, tartean biktimarengandik urruntzeko agindua.
Atzo, 09:00ak aldera gertatu zen erasoa, Erandion, Astrabuduko geltokian. Bikotekideek elkarrekin eztabaidatu ondoren, erasotzaileak eraso egin zion biktimari, eta trenbidera bota zuen, trena heldu baino pixka bat lehenago.
Makinistari abisua eman zioten, geltokira iritsi aurretik gelditzeko, biktima harrapa ez zezan. Ez zuen harrapatu, baina biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, buruan kolpe handia baitzuen.
Hasiera batean erasotzaileak ihes egin bazuen ere, handik gutxira atxilotu zuten, erasoa izan zen lekutik oso gertu.
Bi ordu lehenago, beste liskar bat izan zuen atxilotutako gizon horrek berak Ertzaintzako agenteekin eta osasun-zerbitzuetako langileekin, diskoteka batean izandako liskar batean parte hartu ondoren. Irainka eta biraoka aritu zen inguruan zituenen kontra, eta, horren aurrean, espedientea ireki zioten, Herritarren Segurtasunari buruzko Legea baliatuz.